Egonkortasuna, zabalkuntzea eta kalidadea emon gura deutsoz EOSi Oriol Roch zuzendari barriak. Miramonen egin eben aurkezpen-prentsaurrekoa atzo, orkestrearen egoitzan, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen gidaritzapean. Abuztuaren 25ean hasiko da beharrean.
Lanerako oinarriak zeintzuk izango diran argi azaldu dau Rochek, ez ei dauka orain arte egindakoa desegiteko asmorik, proiektuagaz segidutekoa baino. Zuzendari nagusi barriak orkestrako kideen aurrean aurkeztu eban bere burua lehenengo.
Proiektu ilusinogarri baten aurrean dagoala adierazo eban aurkezpenean, eta sortutako aukerei erantzuna emotea espero dauela. Orkestreari jagokonez, finkatutako proiektua dala uste dau, serioa eta aukera handiak dituana. Euskadiko Orkestrearen nazinoarte mailako zabalkuntzea indartzeko amesa dauka Rochek. Errepertorioaren ganean, euskal musika garaikidea lantzeko konpromisoa erakutsi eban, eta euskal errepertorioa babestearen garrantzia.
Oriol Roch Izard (Bartzelona, 1964) Galiziako Errege Filarmonikaren Zuzendari Teknikoa izan da azkenengo hamar urteotan. 1990etik 2002ra arte Teatre Lliure Ganbera Orkestrearen kudeatzaile izan zan. Lehenago, Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoetako Batzorde Antolatzailean eta Bartzelonako Azokan lan egindakoa da, kultura dinamizazino lanetan.