Galarrenaren 102. urteurrenean, Bermeok orduan hildako 143 arrantzalean omenduko ditu martitzenean. Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo zinegotziak eta Iñaki Elortegi eta Unai Bilbao Galerna alkarteko kideek emon dabe ekitaldien barri, Aita Guria baleontzian egindako prentsaurrekoan.
Abuztuaren 12an, 21:00etan, itsasontzien prozesino isila egingo da Xixilirantz 1912ko galarrena gogoratzeko eta itsasoan galdutako arrantzaleak omentzeko. 21:30ean, herritarrak Baztarren alkartuko dira galarrenaren abestiak kantetako, kandelak eskuetan daroazela. Baztarretik bokalerantzat bideratuko dira eta bertan itsasontziekaz batuko dira, alkarregaz lora eskaintzea egiteko ekitaldi hunkigarri batean, prentsaurrekoan azaldu dabenez.
Horrezaz gan, Irune Ormaetxeak azpimarratu dauenez, martitzenen bertan, 16:00etatik 19:00etara Aita Guria baleontzia debalde bisitetako aukerea izango da, izan be, horrela gure herriak itsasoagaz dauen loturea eta gure historia zabaldu nahi dogu.
Lehenago, abuztuaren 9an, zapatuan, martitzeneko ekitaldian parte hartuko daben itsasontzi tradizionalei Bermeoko Udalak harrerea egingo deutsie euren laguntzea eskertzeko. Eta gauean, 21:00etan, Artza frontoiko tabernearen kanpoaldean sardina jana egingo da.
Ormaetxeak gogoratu dauenez, 1912ko galarrenan Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan egozan 143 arrantzale hil ziran, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen. 1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zan gure mugetan eta, hori dala eta, ehun da bi urte beteten diranean, urtero lez, Bermeoko herriak arrantzale guzti horreei eta euren bizia aurrera atera behar izan eben familiei omenaldi txiki bat egin nahi deutsie, azpimarratu dau.