Bilboko udaletxean egin dabe 2014ko Aste Nagusiko txupinerearen eta pregoilariaren aurkezpena. Piztiak konparsako Loreto Errastik botako dau txupina hilaren 16an, Bilboko jaiei hasierea emoteko. Aurretik, Asier Garciak, Bidaideak-Bilbo saskibaloi taldeko kapitainak, irakurriko dau pregoia. Gurpil-aulkiko taldea da Bidaideak eta, horregaitik, irisgarritasuna bereziki kontuan hartu nahi izan dabe aurten. Bestetik, txupin garbiaren aldeko eta eraso sexistarik bako jaiak eskatu ditue.
Itziar Villafañez Bilboko Konparsetako ordezkariak adierazo dauenez, pregoilariaren ardurea Asier Garciari emotea erabagi zanean, aukerea ikusi eben pedagogia lana egiteko: Gurpil-aulkiko saskibaloi taldearen ordezkari da Asier eta gure asmoa da irisgarritasunaren inguruko auzia gizarteratzea. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko jaietako zinegotziak ganeratu dauenez, elbarriek eta mobiduteko arazoak daukiezenek be jaiez disfrutetako neurriak hartu ditue. Fekoor alkartearen laguntzinoa dauka Jai Batzordeak eta gune guztiak egokituta egon daitezan ahalegintzen gara, azaldu dau Urtasunek.
Asier Garciak adierazo dauenez, pregoilari izatea ohorea da berarentzat eta Bidaideak talde osoarentzat be. Espero dot Aste Nagusi polita izatea, bilbotarrok erakutsi behar dogu zeinen ondo pasetan dogun, esan dau. Loreto Errasti txupinerea, barriz, artega baina pozik agertu da aurten izango dauen ardureagaz. Piztiak konparsa animalistako kideak honakoa esan dau: Gau eta egun disfrutetako jaiak dira Bilbokoak, askok uste dabe Aste Nagusia gaueko parrandea baino ez dala, baina egunez be ekitaldi asko egoten dira eta herritarrei dei egiten deutsiet horreek be aprobetxetako. Orain arte, Aste Nagusia nasaitasunez bizi izan dauela eta, aurten, hori aldatu egingo dala uste dau Errastik, txupinera izatea erronka handia dala dino. Abuztuaren 16an, arratsaldeko zazpiretan, botako dau txupina Loreto Errastik, Asier Garciak pregoia irakurri eta gero.
Bilboko Zazpi Kaleetako merkatariak arduratu dira txupinerearen eta pregoilariaren jantzi tradizionalak egiteaz. Aurten, Posta kaleko Rafael Matias jostungintza dendeari egokitu jako behar hori. Jon Aldeiturriaga Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko gerenteak eta Itziar Villafañezek jantzien jatorriaren ganean azalpen jakingarriak emon ditue. Villafañezen arabera, txupinerearen diseinua, antxinako udal behargin baten jantzitik hartuta dago. Behargin ha buruhandiak jagoteaz arduratzen zan eta jaietako txupina botetako eta udal bandoak zabaltzeko zeregina be berea zan. Kargua, emakumeek beteten eben beti eta oinordetzan pasetan zan, dino Villafañezek. Pregoilaria horiz janzteak, barriz, esaera baten ei dauka jatorria, chaqueta amarilla, a cuenta de la Villa. Aldeiturrigak zehaztu dauenez, sasoi bateko udal beharginek hainbat kolore erabilten zituen euren jantzian, baina denporeagaz horitu egiten ziran eta hortik dator esaerea. Txupinereak txapela gorria janzten dau, antxinako karlisten antzera eta, Aldeiturriagaren arabera, erabagi zan pregoilariak kapela baltza eroatea, liberalen tankerakoa: Holan, Bilbon tradizionalki egon diran pentsamendu biak ordezkatu nahi izan doguz eta gaur egun bilbotar guztiok bat eginda gagozala adierazo.
Bilboko konparsen zein Udalaren ordezkariek txupin garbiaren aldeko deia egin dabe. Arrautzak eta uruna botetea ez da Bilboko ohitura bat, azaldu dau Villafañezek. Itziar Urtasun zinegotziak, bardintasunaren aldeko aldarria ganeratu dau, eraso sexista bako Aste Nagusia nahi dogu. Villafañezek dinoanez, Aste Nagusia altxorra da, inorena ez dana eta, horregaitik, danona da; danon artean jagon behar dogu geure altxorra, eta danok disfrutau.