Bille August, Mia Hansen-Love, François Ozon, Christian Petzold, Michaël R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturminger zinemagileen lanak Donostia Zinemaldiko 62. edizinoko Sail Ofizialean emongo dituela jakinarazo dabe jaialdiko iturriek. Irailaren 19tik 27ra egingo da Zinemaldia.
Zuzendarion pelikulekaz batera, lehian izango dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Alberto Rodriguezen La isla mínima eta Carlos Vemuten Magical Girl. Datorren astean emongo dabe Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko diran ganerako pelikulen barri.
Casanova variations. Michael Sturminger (Frantzia - Austria - Alemania)
John Malkovich aktoreak Casanovaren rola jokatuko dau. Giacomo Casanovaren Mémoires de Casanova liburua dau oinarri pelikuleak.
The drop. Michaël R. Roskam (AEB)
Hollywooden egindako debutean, Michaël R. Roskam zinemagile belgikarrak Dennis Lehane idazlearen eleberri bat egokitu dau, eta Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini ditu protagonista.
Eden. Mia Hansen-Løve (Frantzia)
Mia Hansen-Løve zinemagileak french house dalako musike oinarri dauen istorioa kontetan dau. Musika elektronikoa abiadura bizian garatu zan 1990eko hamarkadan. Parisko gau bizietan, Paul DJ lanetan hasiko da.
Haemu. Shim Sung-bo (Hego Korea)
Shim Sung-bo zinemagilearen lehenengo pelikulea. Memories of Murder filmearen gidoia idatzi eban. Benetako itsas abenturak oinarri dituan kontakizuna. Legez kanpoko etorkinak garraiatzen dituen arrantza-ontzi baten ahaleginek sekulako hondamendia eragingo dabe.
Une nouvelle amie. François Ozon (Frantzia)
François Ozonek Urrezko Maskoarra irabazi eban, 2012an. Umetako lagunak diran emakume biren istorioa kontetan dau bere behar barriak. Euretako batek, gaizorik dagoala, besteari eskatzen deutso bere gizon eta umea jagotea, bera hilten danean.
Phoenix. Christian Petzold (Alemania)
Christian Petzold zinemagileak Nina Hoss izango dau oraingoan be protagonista. Traizioa egin ostean, kontzentrazino-eremu batera daroen emakumea da pretagonistea. Arpegia guztiz desitxuratuta dauela bueltauko da, eta zirujau ospetsu batbere lehengo itxurea emoten ahaleginduko da. Ostean bere gizonaren bila hasiko da.
Stille hjerte. Bille August (Danimarka)
Drama intimistea. Familia bateko hiru belaunaldi astegoien batean alkartu dira. Sanne eta Hedidi ahiztek onartu dabe hil hurran dagoan amak bizitzeari agur esatea, egoerak okerrera egin aurretik.