Artea Txinako sustraietan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 12a, 00:00

Zhang Dehe-k (Xiangshan, 1955) asko dauka eskertzeko DengXiaoping-i. Izan be, Mao Tsetung-ek oinerdekoak 197eko hamarkadan egindako aldaketei esker egin dau gora artista lez. DengXiaoping-ek, lehenengo eta behin, Zhang-i hezkuntza arautua ukatu eutson Iraultza Kulturala (1966-76) zentzunbakokeri komunistea amaituarazo eban. Ostean, herrialdea kapitalismoan sartu zan, bete-betean, aberastea gauza handia da! lemeari segiduz. Aldaketa horrek Txina munduko bigarren potentzia bihurtu dau, eta AEBen ostean, aberats gehien dituan herrialde bere bai. Aberatsaoi esker galtzekotan egozan arte muetak biztu egin dira. Horren adibide da, berbarako, Zhang ospetsu egin dauen artea: arbolen sustraietako eskulturea.

Erresuma Burrukalarien (K.a. V. mendea) sasoiko artea da, eta komunismoa 1949an heldu zanean beherantz egin ostean, barriro be txinatarrak baloretan hasi diran jarduerea. Txinatarren erosahalmenaren gorakadeak mesede egin deutso, hil hurran egoan eta, dino Zhang-ek. Orain dala zortzi urte museoa zabaldu eban kostaldeko Ningbo urian, eta han ikusgai ditu bere 200 pieza onenak. Buda tripontzi baten irudiak dagoz, edozein umeren amesgaiztotako nekazari bizardunenak, eta emakume delikadu eta finenak. Pieza batzuk, indikainabereagaz egindakoak batez, esku baten sartzen dira; beste batzuk, barriz, erraldoien antzera, bost metro ditue.

Teknika honek daukan gauzarik garrantzitsuena, eskultura tradizionalak ez daukana, lantzen gabilzan zuztarraren adierazpide naturala gordetea da. Ez da egur zati bat edo mihise zuri bat, naturearen sorkuntza bat da, guk berrinterpretetan doguna. Horregaitik, nik gurago dot nire lanari grabadua esatea, tailaketea baino. Materialaren berezitasunak pieza bakotxa bakarra eta errepikatuezina bihurtzen dau, eta hori oso erakargarria da bildumazale txinatarrentzat. Egurrean egindako lanak lan bakotzeko 10 ta 20 egun eskatzen ditu, baina gatxena zuztar bakotxarentzat diseinu egokia egitea da. Hilebeteak behar dira, edo urteak. Hamar urte baino gehiago behar izan nituan ‘Laoxiu’ piezea amaitzeko. Saria, hori bai, lanaren parekoa da: berak egindako eskultura txikiek 30.000 eta 50.000 yuan inguru balio ditue, 3.700 eta 6.100 euro inguru, eta behar handiena daukienek, miloak, milaka euro.

Arrakasta handia bizi dau orain Zhang-ek, baina kostata izan da. Beti gustau izan jat artea, baina aita gaixotu egin zan nerabea nintzala, eta pintore hasi behar izan neban beharrean. Handik gitxira Deng-ek herrialdea mundura edegi eban eta arte txinatarra esportetako enpresea sortu neban lagun batzukaz batera. Orduan ez geunkan oso argi zer izna eikean interesgarria kanpoan. Halandea ze, guzurretako egurrezko antxinako eskulturak saltzen hasi ginan, Qing eta Ming sasoikoak ziralakoan. Ondo konpondu ginan, piezak 'zahartzeko' teknika egokia topau genduan eta, pintau barik te berde eta sojeagaz bustiten genduzan, gogoratzen dau erdi lotsatuta. Harik eta japoniar batzuk etorri jakuzan indikainaberen sustraien eskulturea berreskuratu gura ebela esanez.

Zhang-ek ez eban teknikea ezagutzen, eta Shanghaira joan zan larogeitaka urteko maisu bategaz ikastera. Etekin handia atera eutso haregaz emondako urteei. Lehenengo eskaerea 100 piezakoa izan zan, eta horrek neure kontu hasteko aukerea emon eustan. Apurka-apurka, Txinako jatorrizko artearen inguruko jakin-mina hasten joan zan, kopien eskarearen beherakadeagaz batera. Falsifikazinoak diru-iturri garrantzitsua izan ziran hasieran, baina orain Txinak urrunago joan behar dau, eta barrikuntzea topau bere tradizinoaren zuztarretan.

Betebehar hori nabarmendu egin da azkenengo sei urteotan, mundu osoan krisi ekonomikoa zabaldu zanean, salmentak behera egin, eta arte txinatarraren gehigikeria agirian geratu zanean. Kanpotarren jakin-mina desagertu ez bada be, interesgarria da ikustea bertoko klase aberatsek hemengo artea baloretan dabela eta gorde gura dabela, orain arte esnobagoak izan badira be euren zaletasunetan. Aldaketea enkante etxeetan be igarten da, bildumazale txinatar askok galdutako ondarea berreskuratu nahi dabe eta. Nire etxea hipotekau egin dot eta piezarik onenak Gobernuari emon deutsadaz museo hau zabalteko, holan jente gaztea arte mueta hau ezagutu eta gorde daian. Behintzat, segiduten badabe ez dabe goserik pasauko.

Osorik irakurri