Loreto Errasti: 'Aurten Aste Nagusia goizeko hamarretatik aurrera non-stop izango da niretzat'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 11a, 00:00

Piztiak konparsako Loreto Errastik botako dau txupina abuztuaren 16an, 19:00etan, Arriaga Antzokian. Deseetan dago, Aste Nagusia hasteko prest. Lehenengo urteurrena dau konparsa animalisteak, urtea txupinerea aukeratuz ospatzea oparia da dino irribarretsu Errastik. San Nikolas eleizearen inguruan eukiko dabe txosnea eta janari beganoa eskainiko dabela aurreratu deusku. Baina, Aste Nagusian Piztiakeko kide baino, bilbotar eta konparsakide guztien ordezkari izango dala azpimarratu dau behin eta barriz.


1.- Zelan hartu zenduan txupinerea izatearen albistea?

Nire konparsakoek deitu eustienean, hasieran harridura handia sentidu neban, gero harridurea poztasun bihurtu zan, eta ostean apur bat ikaratu nintzan, erantzukizun handia da, egia esan. Baina pozarren nago, erronka polita izango da bilbotar eta konparsakide guztien ordezkaria izatea. Asko ikasiko dot, eta bizi osorako gordeteko moduko esperientzia. Oso pozik nago.


2.- Eguna hurreratzen doala, artega ala trankil?

Ba, egunaren eta momentuaren arabera. Beste urte batzuetako txupinerek esan deustie esperientzia izugarria dala, esperientzia benetan be polita, eta asko gozauko dodala. Eurekaz berba egiten dodanean trankildu egiten naz.


3.- Zein da txupinerearen beharra Bilboko Aste Nagusian?

Ba, lehenengo eta behin jaietako lehenengo egunean txupina botatea Arriagan, 19:00etan, Asier Garcia pregoilariak, Bidaideak-Bilbo saskibaloi taldeko kapitainak, pregoia irakurri ostean. Eta hortik aurrera, egunero, 10:00etan, txupina botatea. Txupinerea bilbotarren eta konparsakide guztien ordezkaria da, ez bere konparsearena bakarrik, beraz danon izenean jardun behar dot. Ezin naz partidistea edo izan. Gune guztietan, txosna guztietan eta konparsek antolatzen dituen jarduera guztietan egon behar dot, ahal dan neurruan. Hori izango da nire betebeharra, eta alboan izango dot pregoilaria, jakina.


4.- Aurreko txupinerek aholkuren bat emon deutsue?

Trankil hartzeko esan deustie behin eta barriro, eta ixteko eroaten neure burua, inguruan dagozanek esango deustiela noiz eta nora joan. Barre egin, ondo pasau, gozau. Horrek izan dira aholkuak.


5.- Aurten topera biziko dozu Aste Nagusia, aspertzeko astirik be ez!

Bai, bete-betean biziko dot. Eta badaukat asmoa konparsek antolatutako jardueraren baten parte hartzeko, ia Hiri Krosean arineketan egiteko aukerea daukadan. Janari-dastaketak, kalejirak, bertso-saioak, futbol partiduak, kontzerturen bat be fitxau dot... danetarik egiteko asmoa daukat.


6.- Hori danori, eta ganera norbera protagonista dala, bizian behin pasetan da hori, ezta?

Aukera ederra da, errepetiduko ez dana. Beste urte batzuetan askoz trankilago bizi izan dot Aste Nagusia, baina aurten goizeko hamarretatik aurrera non-stop izango da niretzat. Gauean, akaso txosnan lagundu beharko dot ganera. Ez dakit zer topauko dodan, ahal danik eta gitxien pentsetan ahalegintzen naz, aurreretxi barik hasteko.


7.- Piztiak konparsako kidea zara, orain urtebete sortu zan taldea. Lehenengo urteurrena elegante ospatuko dozue gero!

Bai, opari polita da. Piztiak bete-berean sartu da Aste Nagusian, igaz sortu eta aurten txupinerea aukeratu.


8.- Konparsa animalistea da Piztiak. Animalien eskubideak defendatzen dozuez, ezta?

Animalien eskubideen aldeko mobimentuaren atal bat da konparsea, ez da kontu barria. Animalientzako bidezkoa dan mundu baten alde burrukan egiten dau mobimentuak, animaliek jasaten dituen tortura sistematikoak salatzen ditu. Hori dala eta, beganismoa bizimodu lez defendatzen dau konparseak. Piztiaken txosnan ogitarteko beganoak egongo dira, esaterako. Konparsea zezenketen kontra dago, animaliak ez dira tresnak, ezin dira torturau, zirkuan moduan erabilteko. Urte osoan egiten dogu lan. Antiespezistea be bada, hau da, animaliak espeziearen arabera baztertzearen kontra dago Piztiak


9.- Piztu da Piztia da konparsearen lemea. Deigarria da.

Bai, gustetan jatzu? Uste genduan konparsen artean falta zala animalien aldeko aldarrikapena, eta horregaitik biztu, indarren biztu nahi dogu eta.


10.- Aste Nagusian zer izan dozu gogokoen, orain arte bnehintzat?

Aste Nagusiko giroa da gehien gustetan jatana. Baina, orain arte ikuslea izan naz, trankil bizi izan dot. Aldaketa handia izango da, oraingoan aktore izango naz-eta, ez ikusle hutsa.

Osorik irakurri