Dj Jazzy Jeff, We Are Standard eta Klaxons musikariek kontzertuak doban eskainiko ditue Guggenheim Bilbao Museoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 20a, 00:00

Dj Jazzy Jeff, We Are Standard eta Klaxons musikariek kontzertuak eskainiko ditue Guggenheim Bilbao Museoan, Saskibaloiko Munduko Txapelketearen ospakizunagaz batera. Saio guztiak 21:00etan hasiko dira, eta sarrerea 20:00etan edegiko da.

Bizkaiko uriburuko Udalak jakinarazo dauenez, Guggenheim Bilbao Museoko zabaldegia aukeratu dabe FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Txapelketarako programautako dobako kontzertuak emoteko. Abuztuaren 29an, txapelketearen hasierearen bezperan, hitzordua Dj Jazzy Jeffegaz da, hip hoparen aitzindarietako bat da, eta hiru Grammy, hiru American Music Award, bi NAACP (Erakunde Nazionala Kolorezko Personen Aurrerapenerako), bi Soul Train Music Award eta MTV musika sari bat irabazi ditu.

DJ honen ibilbidea Will Smith aktorearen ibilbideari lotuta dago, duoa eratu ebelako, izan be, raparen industriako lehenengo Grammya irabazi eben Parents Just Don*t Understand albumagaitik. Dj Jazzy Jeff arpegi ezaguna da, baita be, telebistako El príncipe de Bel-Air serie ospetsuaren jarraitzaileentzat, izan be, seriean Jazzena egiten eban, Willen lagun hurkoarena.

Musikea barriro entzun ahal izango da Guggenheim Bilbao Museoko zabaldegian irailaren 1ean. Egun hori atseden-eguna izango da munduko txapelketan, eta ez da partidurik jokatuko. Gau horretan, Klaxons izeneko Ingalaterrako indie rock hirukoteak eta Getxoko We Are Standard taldeek joko dabe.

Kontzertua We Are Standard taldearen emonaldiagaz hasiko da, euskal talderik nazinoartekoenetakoa momentu honetan. Ondoren, Klaxons taldea igoko da agertokira. Klaxons taldeak sariak jaso ditu Mercury Prize edo New Musical Express Awards ekitaldietan, eta Europako eta AEBetako jaialdi onenetan jo dau.

Osorik irakurri