Gatos Bizcos madrildarrak Berumuga zikloari amaierea emoteko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 20a, 00:00

Bergarako Irizar parkean izango da hitzordua, gaur, eguaztena, hilak 20. Berumuga, musika baltzari eskainitako musika zikloari amaierea emoteko. Bergarako udalak antolatuta, ohikoak ez diran musika estiloak programetea da helburua, jazza eta bluesa ardatz. Kontzertu guztiak haize zabalean eta dobanekoak dira, garagarrilean eta abuztuan. Jimmy Barnatan & The Coconers, Vespa Groove, Travellin' Brothers, Lluis Coloma Trio eta Paul San Martin taldeek garagarrilean Bergarako Espoloia jantzan jarri ondoren, abuztuko emonaldiei amaierea emoteko, Madrildik datorren Gatos Bizcos laukote bereziak joko dau gaur. Arratsaldeko 20:00retan hasiko da kontzertua.

Gatos Bizcos taldeak era askotako estiloak buztartzen ditu: bluesa, rocka, swinga, soula, boogiea... Patuak eta asturuak bestela inoiz alkar topauko ez eben lau lagun alkartzea ekarri eben. Quique Gómez (ahotsa, aho-soinua eta gitarra), Pablo Sampa (gitarra), Hector Rojo (kontrabaxua) eta Miguel Angel Benito (bateria) musikari gazteak izan arren, eskarmentu handia dabe beste hainbat artistaren alboan egindako lanagaitik: Bob Stroger, Jimmy Burns, Gene Taylor, Lou Marini (Blues Bothers), Red House, Depedro edo Josele Santiago. Gatos Bizcosen kasuan, Eddie C. Campbell blues maisua izandakoak emon eutsozan azken ikutuak dagoeneko abian zan proiektuari. 2010. urtean, taldeak Eddieri lagundu eutson Europako biran barrena, hile batzuk lehenago Quique Gómez taldeko abeslari eta burua eta Eddie Chicagon alkartu eta gero.

Hasierea baino ez zan izan. Bandearen hotsa zehazten lagunduko eben kontzertuak etorri ziran ondoren, eta esperientzia hori guztia disko batean jaso dau laukoteak: I can´t believe my eyes, Gatos Bizcosen lehenengo lana, Madrilgo Funkameba estudioetan grabau dabe, Santi Martin teknikariagaz eta lehengo teknologia erabiliz. Horregaitik egur usaina darion soinu klasikoa, beroa eta akustikoa dauka.

Danetara 11 abesti ditu diskoak, horreetatik batzuk Gatos Bizcosek berak sortuak, eta tartean omenaldiren bat, besteak beste Eddie C. Campbelli (That’s when I know) eta Little Walter aho-soinu jotzaileari eginikoak (Little Walter song). Bluesa da Gatos Bizcosen musikearen oinarria, baina musika baltzaren hainbat estilotatik hartutako ekarpenakaz osotua. Badago rhythm & bluesa (Let’s have some fun), gospela (Backwards blues), boogiea (We like the boogie), swingaa (Orange coloured sky), funkagaz nahastauta batzuetan (Blues for P), soul sentimenduagaz (Nobody knows when you’re down and out), rockabilly alai eta kutsakorra (I can’t believe my eyes) edota country-folka (Goin’ home). Melodia itsasgarrien eta erritmo baltzen arteko nahasketa erakargarria eskaintzen dau Madrilgo laukoteak.

Hasia da bira luzea, eta Gatos Bizcos taldearen emonaldiak ahaztea ez da erraza. Zuzenean ikusita beste garai batera eroaten zaitue, amerikar estilo peto-petoa nagusi dan sasoira.

Honako honeek osotzen dabe Gatos Bizcos taldea:

Quique Gómez, ahotsa, aho-soinua eta gitarra. Musika baltz afroamerikarreko izan handiakaz jo dau, esate baterako, Bob Stroger, Jimmy Burns, Rockin Johnny, Katherine Davis eta Tail Draggerregaz. Era berean, Bob Sands Big Band taldeagaz abesten dau.

Pablo Sanpa, gitarra. Gitarra jotzaile gazte eta fina, Red House taldeko kolaboratzailea da. Gene Taylor, Lou Marini eta beste artista handi batzuekaz jo izan dau.

Hector Rojo, kontrabaxua eta koruak. Buddy Milesek Espainian zehar egindako biran parte hartu eban. Gaur egun, besteak beste, De Pedroren eta Josele Santiagoren taldeetako kidea da.

Miguel Angel Benito. Koipea eta estilo aparta musikari handi honen baterian. Bob Sandsen Big bandeko bateria jotzailea da, eta ezin konta ahala proiektutan parte hartzen dauela esan behar da.

Osorik irakurri