Datorren zapatuan, abuztuak 23, 9:00etan, Santurtziko portutik, Saltillo UPV/EHUko eskola-ontziak urtengo dau eta euskal kostaldeko portuetan zehar uda sasoian egiten dauen itsasaldia hasiko adu, aurtengo bigarren bidaia, hain zuzen be. Antxinako belaontzian Mikel Lejarza kapitaina eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko 14 ikasle joango dira. Ikasleek nabigazino praktikak egitea eta gizarteari bela mundua hurreratzea dira itsas ibilaldi honen helburuak. Bigarren helburu hori beteteko, ohikoa dan lez, nahi daben guztiek ontzia bisitau ahal izateko, ateak edegita egongo dira Lekeitio, Donostia, Donibane Lohizune, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo portuetan. Baina, aurreko urteetan ez bezela, ezin izango da eskola-ontzian nabegau.
Hauxe izango da bigarren itsasaldiaren egutegi osoa:
Abuztuak 23: Santurtzi-Lekeitio
Abuztuak 24: Ate edegiak Lekeition
Abuztuak 25: Lekeitio — Donostia
Abuztuak 26: Ate edegiak Donostian
Abuztuak 27: Donostia — Donibane Lohizune
Abuztuak 28: Ate edegiak Donibane Lohizunen
Abuztuak 29: Donibane Lohizune— Hondarribia
Abuztuak 30— 31: Ate iedegiak Hondarribian
Irailak 1: Hondarribia — Mutriku
Irailak 2: Ate edegiak Mutrikun
Irailak 3: Mutriku — Bermeo
Irailak 4: Ate edegiak Bermeon
Irailak 5: Bermeo — Santurtzi
Saltilloren historia
Saltillo 1932an eregi eta bi urte aurrerago erosi eban Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari itxi eutson belaontzia. 1968an, Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskoleari laga eutson itsasontzia. Zaharbarritu ondoren barriro itsasoratu zan 1998an eta gaur egun UPV/EHUko ontzi-eskola legez erabilten da.