Mercat de Música Viva de Vic jaialdiak irailaren 18an edegiko ditu ateak Bartzelonan, eta aurten bi euskal taldek, Oreka TX eta Kepa Junkera, hartuko dabe parte bertan, Etxepare Institutuak jakinarazo dauenez.
Lehenengoek euren azken lana aurkeztuko dabe, Silex, txalapartearen alde tradizional eta modernoa buztartzen dauena.
Junkerak, barriz, bere trikitixa doinuak eroango ditu Vicera, Sorginak taldeko partaideakaz batera. Musikari bilbotarrak laster beteko ditu 35 urte oholtza gainean, eta proiektu honetan bere musikearen mamina dana islatu nahi izan dau, baita trikitixeari omenaldia egin. Kepa Junkera & Sorginak taldeak Trikitixaren historia txiki bat diskoa atarako dau udagoienean kantu barriak eta tradizionalak buztartuz.
Aurten 26. edizinoa izango da musika industriako profesionalak batzen dituan ekimenarentzat, eta urtero legez, egitarau zabala atondu dabe lau egunetarako, irailaren 18tik 21era; tartean, MVLAB gunea be antolatuko da Vicen, musika arloko programatzaileak, erakundeak, jaialdiak, enpresak, agentziak, disko-etxeak eta profesionalak batzen dituan espazioa.