Aurten zortzigarrenez, argazkiak izango dira protagonista Getxon, Beste mundu batzuk gai orokorraren barruan, Burrukak gaia ardatz hartuta etorriko dan GetxoPhoto Jaialdiaren eskutik. Erakusketak abuztuaren 28tik irailaren 28ra bitartean egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera artekoetan, goiko aldean aretoko erakusketak egongo diran bitartean. Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da, abuztuaren 28tik 31ra.
Christian Caujolle ospe handiko kritikari frantsesa izango da jaialdiaren komisarioa, bigarren urtez jarraian. Aurtengo gaia, Burrukak, Beste mundu batzuk izeneko hiru urteko programearen bigarren zatia da, igaz Amesak proposamenagaz hasi zana. Jaialdian mundu osoko hamazortzi argazkilarik hartuko dabe parte.
Begi Handi kolektiboak antolatuta, igaz 75.000 persona inguruk gozau eben argazki instalazinoakaz, jaialdia sortu zanetik batutako jente kopuru handiena. 2013an, 15 erakustaldi egon ziran eta 16 artista eta 20 profesional konbidadu be bai. Danetara, 11 jarduera paralelo egin ziran eta hiru gau-proiekzino programau ziran. Aretoetan 15.000 bisitaldi zenbatu ziran eta Informazino guneak 3.000 bisita baino gehiago jaso zituan.
Aurten aitatu kopuruak bardintzea edo gainditzea da antolatzaileen asmoa baina hona hemen Jokin Aspuru GetxoPhotoko zuzendariak emon deuskuzan azalpenak:
1.- Igaz zazpi edizinoetako jente kopururik handiena hurreratu zan GetxoPhotora, 75.000 persona inguru, hain zuzen be. Zelan baloretan dozu datu hori?
Oso pozgarria da guretzako. Umila izan behar dau batek baina erakusketa guztiak kalean dagozanez, badakigu aitatu dozun kopuru horretatik gora egongo ginala igaz. Pozik gagoz ze urtetik urtera gero eta jente gehiago hurreratzen da, herrian jente asko jaialdiaren zain egoten da eta hori sano positiboa da.
2.- Hiru urterako Beste mundu batzuk gai orokorraren barruan, igaz landutako Amesak gaiaren ostean, Burrukak gaia da aurtengo ardatza. Ba al da loturarik bi gai horreen artean?
Jakina. Gure programazinoa zuzendari artistiko batek egiten dau hiru urteko eperako. Aurten Christian Caujolle frantsesaren bigarren urtea dogu eta igaz Ametsak lemapeko jaialdiaren ostean, Burrukak doguz ardatz aurten. Norbanakoen amesak landu genduzan igaz eta Burrukak aurtengo gaiagaz loturea argia da ze burrukak zer dira amesak baino; zeozeren alde egiten dogu burrukan baina gure kasuan amesak ames kolektiboak izango dira, gizartea hobetzeko amesak, gizakiaren askatasunerako amesak... Beraz, loturea oso naturala da. Datorren urtean zarratuko da zikloa oraindino aurreratu ezin dogun gaiagaz.
3.- Burrukak berbea entzunda indarkeria jatorku gogora. Ba al dago horregaz buztartzerik?
Gure kasuan ez. Printzipio ideologiko argia da gurea eta taldean gagozan guztion jarrerea da, indarkeriaren kontra gagoz goitik behera. Programazinoa zehaztukeran komisarioak oso argi eukan ez ebala burrukearen alde gordin hori erakutsi gura. Horreek egunero ikusten doguz telebistan, komunikabideetan eta guk beste bide bat hartu dogu; burruka jakin batzuen zilegitasuna, burruken alde artistikoa erakutsi gura izan dogu. Egia esan, burrukearen ondorioak eta ikusiko dira baina ez burrukea bera gordinean.
4.- Jaialdian mundu osoko hamazortzi argazkilarik hartuko dabe parte, tartean Jesus de Echebarria bilbotarra eta Mikel Bastida leioaztarrek. Zelako argazkiak ikusiko doguz?
Nazinoarte mailako jaialdia da gurea baina beti jagon gura izaten doguz gure ordezkariak. Jesus Echebarria ezaguna da gurean batez be argazki estereoskopikoak, hiru dimensinotakoak egiten ditualako; igaz be izan zan jaialdian amesen inguruko argazkiakaz, aurten burrukak oinarri hartuta azalduko jaku eta ondo bidean datorren urtean be geugaz izatea espero dot. Aurtengo gaiagaz lotuta, irudi ikusgarriak erakutsiko doguz, Gernika bonbardeau osteko irudiak, hain zuzen be, hiru dimensinotan. Zornotzako argazkiak be egongo dira eta mende hasierako Euskal Herriko beharginen irudiak.
Mikel Bastidari jagokonez, barriz, Europa osoan ibili da bigarren mundu gerrako burrukak emon ziran lekuetan eta aktoreakaz momentu horreek antzeztu egin ditu. Lan hori izango da Getxora ekarriko dauena.
5.- Lanaren aldeko burrukeak be lekua izango dau GetxoPhoton eta ELA sindikatuaren urteetako jarduerako materialak izango dira ikusgai Getxon...
Burrukak lemapeko edizinoan oso argi geunkan lanaren aldeko burrukea be sartu behar genduala eta, esangura horretan, ELAk artxibo potoloa daukala aprobetxau gura izna dogu; bertan sindikalismo, lan-merkatua eta ekonomiari buruzko milaka liburu egoteaz gan, historian zehar erakundeak sortu dituan materialak eta dokumentazinoa be batzen dira. Kasu honetan, GetxoPhotok sindikatuaren irudi eta kartelik esanguratsuenak aukeratu ditu.
6.- Egitarauaren barruan, Yemenen andrazkoek jasaten daben presino erlijiosoari buruz Boushra Almutawakel argazkilari yemendarrak egiten dauen proposamen hunkigarria edota Maika Elan Vietnamgo argazkilariaren bere herrialdeko komunidade homosexualari buruzko lana izango dira ikusgai Getxon. Besterik nabarmenduko zeunke?
Eskainiko dogun guztia da nabarmentzeko modukoa, izan be, urte osoa emon dogu ahalik eta jaialdi erakargarriena antolatzen eta ez neuke inor aitatu barik itxi gura. Edozelan be, zuk esan dozuzan horreez gan, Raphael Dallaportaren instalazino bat azpimarratuko neuke. Personen kontrako minen erretratuak egin ditu. Argazkiok Algortan zehar egongo dira ikusgai lurrean itsatsita; herria minaz jostea da asmoa eta zeozelan minen erabilerea salatzea.
Frantziarra da Dallaporta, 1980. urtean jaioia. Bere lana giza eskubideetan oinarritzen da. Banaka nazinoartean erakutsi ditu lanak eta bere lobrak Lausanneko Musée de l´Elysée, Fond National d´Art Contemporain (FNAC) eta Pariseko Maison Européenne de la Photographie-an ikusi daitekez. 2010ean Young Photographer ICO Infinity Award saria jaso eban.
7.- Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da, abuztuaren 28tik 31ra. Labur baino ez bada be azaldu eiguzu zer ikusiko dauen GetxoPhotora hurreratzen diranek.
Argazki zaleentzat ez eze, edozeinentzako moduko ekitaldiak be antolatzen doguz eta urtero gauza barriak aurkezten ahalegintzen gara. Aurten, abuztuaren 30ean, zapatuan, 21:00etan, Gau Plaza ekimena eskainiko dogu Algortako San Nikolas plazearen inguruan eta aurrerantzean urtero eskaintzea da asmoa. Jai giroan, argazkigintzaz kalean gozetako gaua izango da eta hor proiekzinoak, aretoak zabaltzea, gramola digitala eta bestelako jarduerak eskainiko doguz. Berbarako, Bestelako borrokak proiekzinoa izango dogu Jon Cazenave, Humberto Bilbao, Anna Turbau, Javi Julio, Txetxu Berruezo, Asier Altuna, Olmo Calvo, Clemente Bernad, Pilar Aymerich eta Imanol Uriberen lanakaz.
Horrezaz gan, jaialdiaren edegiera ekitaldia be interesgarria izaten da. Abuztuaren 29an izango da, 20:00retan, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Bertan Christian Caujollek eta jaialdian parte hartzen daben argazkilariek Burrukak programazinoaren aurkezpena egingo dabe argazkien bidez. Ondokoak dira Opening ekitaldian izango diran egileak: Manit Sriwanichpoom, Nyaba Lèon Ouedraogo, Clément Briend, Martí Llorens, Emeric Lhuisset, Mikel Bastida, Gleb Kosorukov eta Jacques Pugin.
Gainera, Joseba Irazoki polifazetikoak zuzenean musikatuko dau Tiananmeneko jazoeren ganeko proiekzinoa (25 urte bete dira aurten).
7.- Lantegiak, maisu-eskolak, Photowalk, argazkiaren gaua, proiekzio bereziak eta bestelako ekitaldi batzuk be izango dira. Zeozer nabarmenduko zeunke?
Lantegi bi izango doguz: bata, Mozorro digitala: selfieak eta argazkiak sare sozialetan Jon Uriarteren eskutik eta, bestea, Erreportaje baten metodologia Walter Estradak eskainiko dauena.
Komisarioak egiten dauen bisita gidatua be polita izaten da. Hitzordua zapatuan, hilaren 30ean izango da, goizez.
Itxialdia izeneko ekimena be nabarmenduko neuke; gogoetarako eguna izaten da, egun osoko jarduerea. Aurten, hilaren 28an, eguenean, dogu hitzordua Gatazka bat daukagu izenburupean. Historian zehar irudien botere eta ahalmenean sinisteko jokerea egon da: beren egiatasuna, beren balioa dokumentu lez, eragina izateko daben gaitasuna… Askok dudan jarten ditue irudiaren ustezko ezaugarri horreek. Aro digitalean sartu garenetik argi dago: errealidadearen eta fikzinoaren arteko mugea gero eta lausoagoa da. Itxialdia Vol.2 ekimenean, argazkigintzeari buruzko eta honen inguruko gatazkei buruzko gogoetak izango doguz ardatz.
Urtero legez, makinatxu bat gauza eta tarte laburra danak orain aitatzeko. Beraz, zehaztasun gehiago gura dauenak GetxoPhotoren webgunea bisitau edota Getxora bisitea egin leike. Danak zagoze konbidauta.