Carlos Spottorno eta Ramón Lobo kazetariek 'Kazetaritza, bertatik bertara' zikloko 2. edizioan parte hartuko dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 25a, 00:00

Gasteizen, gaur, abuztuak 25, hasiko da Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldien bigarren edizinoa, Carlos Spottorno, Ramón Lobo eta Pilar Requena kazetarien parte-hartzeagaz, baita berbaldiakaz, proiekzinoakaz eta mahai-inguruakaz be. Udalak jakinarazo dauenez, igazko edizinoaren arrakastearen ondoren, ekimen horrek gaurko gaiak landuko ditu, kazetari eta adituen eskutik, herritar guztiei edegitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz.

Carlos Spottorno argazki-kazetariak emongo deutso hasierea zikloari argazki-kazetaritzearen egoerearen ganeko berbaldi bategaz. Abuztuaren 14tik haren argazkiz osotutako Europako atarian erakusketea dago ikusgai Aihotz plazan.

Zikloak abuztuaren 29ra arte iraungo dau. Aurten nazinoartean ibilbide luzeko kazetari eta argazkilarien esperientzia eta ikerlanetan oinarrituko da Kazetaritza, bertatik bertara zikloa. Gainera, azken hileotan nazinoartearen atentzinoa erakarri daben gatazka bi izango dira ardatz, Ukrainako krisia eta Brasilgo egungo egoerea, hain zuzen.

Jarduera gehienak Goiuri jauregian izango dira. Film batzuen proiekzinoak (In This World, Territorio Comanche, Restrepo, Tropa de élite 2), barriz, Florida zinema-aretoetan eskainiko dira. Azkenik, Carlos Spottornok bisita gidatuak egingo ditu Aihotz plazan abuztuaren 14tik jarritako erakusketea azaltzeko. Europako atarian izeneko erakusketea Europako hegoaldeko mugarako bidaia da eta hor hesiak jagoten dituenen eta euren gainetik salto egiten saiatzen diranen bizitzak islatu ditu egileak.

Beste alde batetik, berbaldiak eta mahai-inguruak dira programearen ardatz nagusia, kazetari entzutetsuek hartuko dabe parte, besteak beste, Ramón Lobok eta Pilar Requenak. Horreetako batzuk, leku gatazkatsuetan lan egiten daben barriemoileak dira, ordezkari bereziak edo prentsa-argazkilariak; beste batzuk, atzerriko eta estaduko hedabideetako barriemoileak, bertako eta atzerriko errealidadeak ondo ezagutzen dituenak.

Berbaldiak eta ganerako ekitaldiak goizez eta arratsaldez izango dira eta sarrerea dobakoa da, leku guztiak bete arte. Goiuri jauregian, programan landutako edukiekin loturea daben filmen proiekzinoa doban izango da. Florida zinema-aretoetan erakutsiko diran filmak ikusteko, barriz, hiru euro pagau behar izango da sarrerea.

Era berean, Udalak nabarmendu nahi izan dau abuztuaren 27an, 20:00etan, Goiuri jauregian izango dan Kazetaritza atzo eta gaur izenburuko mahai-inguruagaz Manu Leguineche kazetari, erreportari eta barriemoile ezaguna omendu gura izan dabela antolatzaileek.

Askotariko egitarau zabala eta kalidadekoa antolatu dogu, ibilbide ezaguneko hizlariakaz. Herritar guztiak konbidau nahi doguz jardueretan parte hartzera, ez baita aditua izan behar horiretaz gozetako, nabarmendu dau Kultur Plangintzako eta Jaietako zinegotzia dan Iñaki García Calvok.

Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri