Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi sailean 18 film aurkeztuko dira, besteak beste, Borja Cobeaga, Bruno Dumont, Ulrich Seidl eta Gianni Amelioren azken filmak. Gainera, antolatzaileek jakinarazo dabenez, Perlak sailean Jessica Chastain eta James McAvoy protagonista dituan Ned Bensonen The Disappearance of Eleanor Rigby filma proiektauko da, eta lehia ofizialean Danis Tanovicen Tigers ikusi ahal izango da.
62. Donostia Zinemaldiak urteko panorama zinematografikoko proposamen interesgarrienetakoak jasoko ditu Zabaltegi sailean; askotarikoak izango dira: fikzinozko film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesailak.
Sailaren barruan, nazinoartean entzutetsuak diran zinemagile batzuen lan barrienak Espainian lehen aldiz emongo dira (Berbarako, Ulrich Seidl, Bruno Dumont eta Kazuyoshi Kumakirirenak), baita talentu barrienen lanak be (Berbarako, Andrew Huculiak, Kaouther Ben Hania eta George Ovashvilirenak).
Gainera, Espainian produzidutako lau film luze eta hiru labur munduan lehen aldiz emongo dira, horreen artean, Borja Cobeagaren film barria, Negoziatzailea, proiektauko da. Komedia barri honetako protagonistea Manu Aranguren da, ETAgazko negoziazinoetan Espainiako Gobernuaren berbakide ibiliko dan euskal politikaria. Ramón Barea, Carlos Areces eta Josean Bengoetxea dira protagonistak.
Animazino-zinemea be presente egongo da, Signe Baumanen Rock In My Pockets filmaren bidez, eta telebistako fikzinoak be lekua izango dau, P'tit Quinquin / Li'l Quinquin telesail osoa emongo baita.
Era berean, dokumental ugari izango dira Zabaltegin. Aitagarrienen artean, Gianni Amelioren Felice chi è diverso / Happy to be different, Gabe Polskyren Red Army eta Pierre-François Limboschen Le paradoxe de John Malkovich/ The John Malkovich Paradox dagoz.
Horrezaz gan, bi musikari ospetsu gogoratuko dira ez-fikzinozko beste bi lanetan: Fela Kuti musikari nigeriarra, Alex Gibney dokumentalgile saridunaren Finding Fela lanean, eta Paco de Lucía gitarra-jotzailea, Francisco Sánchez Varelak zuzendutako Paco de Lucía: La búsqueda lanean.
Beste dokumental batzuetan, zinemearen inguruko gaiak jorratzen dira: Bette Davisek Donostia Zinemaldira egin eban bisitea, Pedro González Bermúdezen El último adiós de Bette Davis lanean, Basilio Martín Patino zinemagilearen obrea, Virginia García del Pinoren Basilio Martín Patino. La décima carta lanean, eta Ghibli animazinozko zinema-estudio ospetsuaren sekretuak, Mami Sunadaren Yume to kyôki no ohkoku / Kingdom of Dreams and Madness lanean.
Danis Tanovic, lehia ofizialean
62. edizinoko programazinoan beste bi pelikula izango dira. Danis Tanovic zinemagilearen pelikula barriena, Tigers, Sail Ofizialean lehiatuko da. Benetako jazoeretan oinarritutako drama honetan, Oscar saria 2002an jaso eban zuzendari bosniarrak saltzaile gazte baten istorioa aurkezten dau.
Perlak sailean, barriz, Ned Benson zuzendari eta Jessica Chastain, Isabelle Huppert eta James McAvoy protagonista dituan The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko da. Hartu-emonak berreregiteko bidea bilatzen dagoan bikote baten istorioa kontetan dau Cannes eta Torontoko zinema-jaialdietan aurkeztu dan film honek.