Lekeition Abaroa gunea berreskuratzen auzolanaren bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 26a, 00:00

125 urte zarratuta egon dan Abaroa guneak ateak zabaldu ditu Lekeition. Auzolana izan da ekimen honen oinarria, udalak, gunea herritar guztientzako berreskuratzeko asmoa azaldu ebanetik. Holan lorategiko auzolaneko kideek eta eskulan tailerrekoek hileak daroez gunea atontzen. Egoera ekonomikoak Abaroa guneak eskatzen dauen esku hartzerako zailtasunak ekarri ditu; halan da be, lorategia behintzat epe laburrean herriratzeko ahalegina egin dabe eta hori beste behin be, herritarren auzolanaren bitartez gauzatu da.

1891ean eregia, Jose Maria Abaroa lekeitiar bankariaren egoitzea izan zan jauregia. 1940tik Agustindar errekoletoen egoitzea izan da, 2004an udalak eraikina bereganatu eban arte.

Abaroa gunea Lekeitioko erdigunean dago eta herriko bizitza sozial, ekonomiko eta kulturala baldintzatzeko indar handia dauen gunea da. Horregaitik, udalaren ustez, gunea herriak berreskuratu behar dau baina horretarako ezinbestekoa da gunearen inguruko erabagiak ahalik eta parte-hartze handienagaz hartzea. Legegintzaldi hasieratik, udalak Abaroa berreskuratu eta balorean jarteko neurriak hartu ditu. Esangura horretan, Lekeitioko udalak ohiko prozesu parte-hartzailetik harago doan ekimena planteau dau: ikerketa ekintza parte-hartzailea. Helburua lekeitiarrak prozesuaren ardatz bilakatu, Abaroa guneaz jabeutu eta espazioaren eraldaketea martxan jartea da. Zelako espazioa behar eta nahi dogu lekeitiarrok? Abaroa guneak funtzino bakarra edo anitza izan behar dau? Zelan berpiztu behar da Abaroa? Zein dira herritarren eta herriko eragileen beharrak? Zela antolatu eta asetu daitekez behar horreek Abaroa gunean? nork kudeatu behar dau? Gestino alkarbanatua behar ahal da?

Abaroa Jauregia Lekeitioko eraikin garrantzitsuenetako bat izanda, ondarea bizibarritzeko dagozan kontzeptu eta jokerak kontuan hartuz, zelako berpiztea emon behar jakon be hasi da aztertzen Udala. Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea, besteak beste eraikinak babes handiagoa izateaz gan, diru-laguntzetara joteko aukera gehiago dagozalako. Horregaitik, 2012. urtean ikerketa bat abiarazoteko lehen pausuak emon zituen, Ondare Lantaldearen eskutik. Hain zuzen be, Arkitektura Garaikidearen Historian aditua dan Gorka Perez de la Peña Oleagari eskatu jakon eraikinaren ganeko ikerlana. Ikerketa honetan, jauregiaren historia erakusten da, baita eraikinaren balioa ulertzeko gakoak. Behin ikerlana aztertuta, Udalak Eusko Jaurlaritzara jo eban kasua kasuko espedienteari hasierea emoteko eta ahalik eta arinen Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko Lekeitioko Abaroa jauregia.

Osorik irakurri