Venezian 20 film lehiatuko dira gaurtik irailaren 6ra Urrezko Lehoia irabazteko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 27a, 00:00

Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren azken filmak, Birdman izenburukoak edegiko dau gaur, hilak 27, Veneziako 71. Mostra. Tragikomedia dakar oraingoan Iñarritu jn.ak. Superheroiarena egiten ospetsu bilakatu baina bere bizimoduaren norabidea aldatu nahi dauen aktorearen (Michael Keaton) istorioa kontetan dau zinemagile mexikarraren azkeneko filmak. Veneziako zinemaldia irailaren 6ra arte egingo da, eta hogei film izango dira pelikula onenaren Urrezko Lehoia irabazteko lehian. Tartean dago, berbarako, Abel Ferrara estadubatuarraren Pasolini lana. 1975eko zemendiaren 2an hil eben zinemagile eta idazle italiarra, baina ez dago argi zer jazo zan. Ferrarak orain gitxi adierazo dau berak badakiala. Horri buruzkoa da filma, eta Willem Dafoek egin dau Pasolinirena.

Beste alde batetik, Faith Akin jatorri turkiarreko zinemagile alemaniarrak Cut estreinauko dau. Otomandar Inperioak 1915etik aurrera armeniarren kontra egindako genozidiotik bizirik atera eta alabak bilatzeari ekingo deutson gizon baten istorioa.

Era berean, Xavier Beauvois, Fatih Akin, Benoît Jacquot eta Manoel de Oliveiraren lanak be ikusgai izango dira. Lehiaketatik kanpo Alex de la Iglesiak be parte hartuko dau Words with Gods filmagaz, zenbait zuzendari tarteko dirala osotutako produkzino mexikarra.

Aurten, Atal Ofizialeko epaimahaiburua Alexandre Desplat musikari-sortzaile frantsesa izango da, besteak beste, La reina, El curioso caso de Benjamin Button, El discurso del Rey eta Argo filmen soinu bandak egin dituana.

Ohorezko Urrezko Lehoia, barriz, Thelma Schoonmakerrek eta Frederick Wisemanek jasoko dabe.

Veneziara hurreratuko diran izarren artean dagoz David Gordon Greenen Manglehorne filman parte hartu dauen Al Pacino beteranoa. Holly Hunter, Andrew Garfield, Adam Driver eta James Franco be Venezian izango dira.

Osorik irakurri