Urruneko intxaurrak hamalau, hurreratu eta lau dakar esaera zaharrak. Laos gehiena hartzen dauen baso zarratu eta emonkorra habitat egokia emoten dau herrialdeko zazpi miloe inguru herritarrek bizitza duina izan deien.
Edozelan be, errealidadea bestelakoa da, izan be, frantziar Indotxina zaharraren anaia txikiaren egoerea dramatikoa da. Kaltetuenak umeak dira eta Asiako Hego-ekialde osoko heriotza-tasa handiena dago bertan; milatik 68 inguru urtea bete baino lehen hilten dira eta 79, barriz, ez dira bost urtera heltzen. Mingarriena da heriotza gehienak aurre egiteko moduko gaixotasunek eragiten dituela: neumoniak heriotzen %18 eragiten ditu eta beherakoak, barriz, % 10. Horrezaz gan, malnutrizino tasak Afrikako Sahara azpiko herrialde batzuetakoen antzekoak dira. Bost urtetik beherako umeen % 44k hazkunde arazoak ditu eta % 27k malnutrizino arazoak. Urtero 5.000 ume hilten dira Losen jateko falteagaitik.
Egoera negargarri hori nekazaritza giroan igarten da gehiago eta ohikoa da indarrez ganezka egon beharko litzatekezan umeak indarga, ahul dagozala bitamina eta mineral falteagaitik. Lozorroan edo dagozala emoten dau eta hori sano arriskutsua da umeen hazkunde fisiko eta intelektualerako adierazo dau Shane Powelek, azken 10 urteotan Laosen bizi dan estadubatuarrak. UNICEF jakitun dago eta orain urte bi Laoseko gobernuagaz eta meatzaritza sektoreko erraldoia dan MMG enpreseagaz bat egin eta ekimen publiko-pribatu barritzailea abiarazotea erabagi eban; miloe bateko dirutzeagaz datozen hiru urteetan lau miloie dosi nutritibo banatzea da asmoa. Proiektua zuzentzea proposatu eustienean, erantzun ona nahikoa erraz lortuko genduala pentsau neban eta arazorik handiena lekutan dagozan herritxuetara heltzea izango zala'azaldu dau azken zazpi urteak UNICEF erakundeagaz beharrean dabilen Powellek. Oker nenbilen autortu dau barreka Viantianen dauen bulegoan.
Zinka, burdina, bitaminak eta beste elikagai batzuk ditu aitatu dosi nutritiboak eta Afrikan hasi ziran banatzen Laosen baino lehen eta emoitza oso onak izan ditue han. Horregaitik hasierako idea izan zan zuzenean Laosera ekartea. Umeak egunean dosi bat hartu behar dau jatekoagaz nahastauta eta hor sortu zan lehenengo arazoa. Herrialdeko dietan oinarri-oinarrizkoa da arroz likatsua eta jentearen jokerea izan zan arroza egosten dan bitartean konplexu-nutritiboa nahastetea; holan egin ezkero, osogai nutritibo batzuk galdu egiten dira eta jatekoari gusto metalikoa emoten deutso. Arazo horri konponbidea emoteko beste elikagai batzuekaz nahastetea proponidu dau Powellek, berbarako fruteagaz. Holan, umeek elikadura aberatsagoa jasoten dabe, izan be, arroz likatsua ez da gomendagarriena nutrizinoaren ikuspegitik. Hori bai, bagenkian askok ez euskuela jaramonik egingo eta, beraz, osogai batzuk aldatu behar izan genduzan gusto txarra kentzeko.
Kontuak kontu ‘SuperKid’ prest egoanean, ezusteko arazoak sortu ziran bilgarriagaz. Poltsatxuan ume baten irudia agiri da eta sekula ez neban pentsauko irudi edo marrazki horrek sekulako burhaustea eragingo euskunik. Behin, herritxu baten dosi nutritiboa ez zala banatzen ikusi genduan eta marrazkian agertzen zan umeak ulerik ez eukalako zan, antza danez. Ama batek esan eustan dosia hartuta euren seme-alabak ule barik geratuko zirala pentsetan ebela. Hurrengo ahalegina be alperrekoa izan zan. 'Marrazkian agertzen zan umeak ez eukan gorputzik eta mamu bat emoten eban. Laos gitxiengo etnikoen koktela da eta, duda barik, laguntzinoa lekuan lekuko ohitura eta siniskeretara egokitzea da gatxena Powll jn.ak zehaztu dauenez.
Halan da be, arazoak arazo, aurtengo udan Laoseko hegoaldeko hiru probintziatan banatu dira 'Superkid' dosiak, marrrazkiko umeak ulea eta irribarrea ezpanetan dituala. Banaketarako bide bi eskaini doguz. Batetik, pakete zuria doban emoten deutsegu familia behartsuenei eta gero jarraipen bat egiten dogu; bestetik, prezio sinbolikoa pagau leikienen artean, laranja koloreko paketea uriguneetako dendatan merkaturatu dogu 500 kipsean (eurotan, 5 zentimo). Asmoa da gurasoak jaubetzea euren seme-alaben osasunerako inbersinoa egiten dagozala.
Horretarako UNICEF erakundeak erabagi dau paketeetan logorik eta gobernuaren erreferentziarik ez jartea eta Powellen eretxiz, produktuaren fidagarritasunak irabaziko dau era horretara. Helburua da sei hile eta bost urte bitarteko 180.000 ume inguruk hartzea aitatu dosi nutritiboa. Erronkea da 'Superkid' anemiaren kontrako botika lez hartu deiela, izan be, kronikoa da edade tarte horretan eta erabagiorra izan daiteke hazten dagozan umeen bizitzako lehenengo mila egunetan azaldu dau Shane Powelek.
Baina produktu horrek ondorio ezkorrak be eragin leikez. Bildur gara, funtzionau ezkero, gauza bi jazo daitekezalako: alde batetik, helduak be hartzen hastea eta, bestetik, osasun egoera hobeari esker aktiboagoak izango diran umeek enbarazu egitea komunidadeari. Edozelan be, proiektuaren lehenengo esperientzia oso positiboa izan da. Produktua atxakia ona da beste arlo batzuetan be ohiturak aldatzeko. Oraingoz, gurasoek arduratsuago jokatzen dabe seme-alabei emoten deutsiezan jatekoak askotarikoak izan daitezan ze sarritan arazoa ez da izaten jateko faltea ume batek zer behar dauen ez jakitea baino. Esangura horretan, amaren esnearen onurak zein osasun eta garbitasun kontrol zorrotzaren abantailak azaltzen deutseguz.
Holan, geldiro-geldiro Laosek errazago beteko ditu Milurtekoaren Garapen Helburuak.