30. urteurrena ospatuko dau Folk Getxo BBK jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 28a, 00:00

Datorren astean Folk Getxo BBK jaialdiak hiru hamarkadako ibilbidea ospatuko dau. Irailaren 4tik 7ra, danetara, 11 saio izango dira jaialdian eta horreen artean nabarmendu behar dira Capercaillie, Chambao eta Osibisaren kontzertuak, baita Ara Malikian biolin-jotzaileak Fernando Egozcue, José Luis Montón, Oreka TX eta Kalakan talde eta artistakaz sortutako Sustraiak-Raíces ikuskizuna. Azken hori, jaialdi getxotarrean baino ez da eskainiko.

Areetako Geltokia plazan izango dira kontzertu nagusiak 21:00etan (domekan, 20:00etan) eta arratsaldeko saioak, plazaren ondoko aparkalekuan, 19:00etan (domekan, 18:00etan). Bertan izango dira Munduko Terrazako kontzertuak (23:00etan) zein umeentzako saioa be. Horreez gan, jarduera ugari egongo da Folk Getxon, esaterako zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen eta alkarteren postuak batuko dituan Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azokea, hainbat herritako platerak eskaintzen dituan Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak.

Agertoki nagusiko saioetako lehenengo kontzertuan ikuskizun berezia izango da. Folk Getxoren eskutik, Ara Malikian biolin-jotzaile apartak eta Fernando Egozcue eta José Luis Montón gitarra-jotzaileek bat egin dabe Erdialdeko Europako eta Ekialdeko musikak eta Argentinako tangoa eta flamenkoa buztartzeko. Era berean, Oreka TX taldearen txalapartea eta Kalakan hirukotearen perkusinoak nahasten dira erritmo horreekaz. Bigarren egunean, Malagako Chambao talde ospetsuak joko dau Getxon. Flamenkoa eta chill out musikea nahastauta, 12 urteko jarduera arrakastatsua lortu dau dagoeneko banda horrek. Mundu osotik ibili da bere soinu barri eta kosmopoliteagaz. Holan, hegoaldeko eta Mediterraneoko erritmoak landu ditu eta World Music arloan be sartu da.

Irailaren 6an, Osibisa taldearen txandea izango da. Afrikako eta Karibeko musikak beste soinu batzuekaz (rhythm and blues, rock...) buztartzen aitzindariak dira eta euren saioak indartsuak eta espiritualak dira. Afrikako zenbait belaunalditako musikariakan eragina izan dabe, eta publikoa gozarazo dabe beren erritmo geldiezinakaz. Saio nagusien eskaintzea borobiltzeko, Capercaillie taldea izango da Getxon. Hiru hamarkada baino gehiago daroaz Eskoziako banda honek, eta arrakasta handia izan dau beti. Musika zeltiarraren erreferente handietako bat bihurtu da. Capercailliek melodia tradizionalak joten ditu, eta abestiak gaelikoz abesten ditu, beti modu modernoa erabiliz. Ez dau instrumentazino akustikoa bakarrik erabilten, elementu elektrikoak eta gaur egungo produkzino-teknikak be erabilten ditu.

Arratsaldeko kontzertuetan, ikusleek askotariko doinuak izango ditue aukeran. Euskal doinuetan hasi eta Argentinako tangoan amaitu, tartean Gaztela eta Leongo eta peninsulako barrualdeko musikak dagozala. Saio horreetan Garikoitz Mendizabal, Hexacorde & Vanesa Muela, La Bacanza eta Fernado Valsega & Exilio New Tango artista eta taldeak izango dira. Bestalde, eguneko saio nagusiak amaitu ondoren, Munduko Terrazako kontzertuak hasiko dira. Bertan La Niña del Caboren Flamenco jop (folklorean, flamenko-jazzean eta rapean oinarritutako estiloa) erritmoez eta Boc (Folkez Blai jaialdiaren Talde Lehiaketako irabazleak) Mallorcako taldearen fusiNo musikea izango dira protagonista.

Jaialdiaren musika egitaraua Ene Kantak taldearen umeentzako Liburu magikoa ikuskizunak eta kaleko banden desfileek osotzen dabe. Aurten Erresuma Batuko, Asturiaseko, Kataluniako eta Euskadiko taldeak egongo dira Getxon.

Jarduera osogarriei jagokenez, bisitariak Elkartasun Gunera hurreratu daitekez. Ekimen hori zenbait GKEren lankidetzaz antolatu da. Erakunde horreek egindako lana erakusteaz gan, Espazio Solidarioan Bidezko Merkataritzeak tartea izango dau; Munduko Eskulangintza Azokan, barriz, bisitariek zenbait herrialdetako artisautza-objektuak erosi ahali zango ditue. Munduko Terraza Getxoko Immigranteen Plataformeagaz lankidetzan antolatu da, eta horretan hainbat herrialdetako jatekoak probau daitekez.

Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Sarrerak

Ohikoa danez, saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta ganerakoak, dobakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako abonamenduak salgai dagoz Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank webgunean, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) eta 94 491 40 80 telefono zenbakiaren bitartez.

Osorik irakurri