Abuztuaren 29tik irailaren 12ra bitartean pinturea eta eskultura esperimentala buztartuko dituan Box has six sides erakusketea ikusi ahal izango da Bilbon. Barikuan, abuztuak 29, 8:00etatik aurrera Bizkaia Aretoko Chillida gelan (Abandoibarra, 3. Bilbo) erakusketeak ateak zabalduko ditu. Irailaren 12ra arte izango da aukerea pinturea eta eskultura esperimentala buztartuz Kaliforniako San Diegoko unibersidadeko ikasleen artelanak ikusteko. Box has six sides izenburupean, maila metaforikoan baino ez bada be, iparamerikarren artelan guztiak ekarri dituan kaxea aitatu nahi dau izenburu horrek. Erakusketearen komisarioa Paloma Checa-Gismero izango da.
Ekimen hori UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadearen eta San Diegoko unibersidadearen arteko alkarlanaren ondorioa da, eta AEBko ikastegiko 12 ikasleren artelanak ekarriko ditu Bilbora, horreen artean Aitor Lajarinenak, UPV/EHUko ikaslea izan zanarenak.
Bestalde, abenduaren 6an, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko 10 ikaslek (Julen Agirre, Lorea Alfaro, Iranzu Antona, Lehior Bilbao, Usoa Fullaondo, Jorge Nuñez, Jon Otamendi, Damaris Pan, Unai Requejo eta Olatz Vilariño) bisitea itzuliko deutsee, eta San Diegon erakutsiko ditue artelanak.
Box has six sides erakusketea goizeko 8:00etatik eguerdiko 14:00etara egongo da zabalik abuztuaren 29an; baina irailaren 1etik aurrera, eta 12ra bitartean, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Sarrerea librea da.