Zinemira Saria irailaren 22ko galan emongo deutsie, Victoria Eugenia antzokian. Saria emoteaz gan Borja Cobeagaren Negoziatzailea filma estreinauko da.
Pedro Olea Bilbon jaio zan, eta Ekonomiako ikasketak baztertuta, errealizadore titulua atera eban Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean. TVEn hasi zan lanean. Han, dokumentalak zein fikzinozkoak egin zituan: Xantares, La ría de Bilbao, La Ronca, Topycal Spanish, El Rastro de Ramón eta José María Iñigok aurkezten eban Último grito telesaileko lehenengo atalak, besteak beste.
Bere lehenengo film luzea Días de viejo color izan zan, 1967an; horregaz, Zinema Idazleen Zirkuluaren zuzendari barri onenaren saria eta Tangerreko zinema-jaialdiko sari bat irabazi zituan. En un mundo diferente (1968) filmau ondoren, El bosque del lobo filmagaz (1970), kritikarien artean arrakasta handia lortu eban, eta zinema-jaialdietan hainbat sari nazional eta nazinoarteko eskuratu zituan, esaterako Valladolidekoan eta Chicagokoan.
1972an, La casa sin fronteras zuzendu eban eta horregaz Berlingo zinema-jaialdiko lehiaketan parte hartu eban. Bere hurrengo lanek be, hau da, No es bueno que el hombre esté solo (1973), Tormento (1974) eta Pim, pam, pum ¡Fuego!-k (1975), hainbat zinema-jaialditan parte hartu eben. Tormento Donostia Zinemaldian saritua izateaz gan, protagonisteak, Concha Velascok, zenbait sari nazional irabazi zituan.
1976an, La Corea zuzendu eban, eta 1978an, Un hombre llamado Flor de Otoño. Bigarrenagaz, Donostia Zinemaldian gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi eban José Sacristánek. Ondoren, Akelarre filmau eban (1983). Berlingo zinema-jaialdian lehiatu zan eta Karlovy Varykoan lehiaketaz kanpo aurkeztu eben.
Beste film luze batzuk be egin zituan: Bandera negra (1986), El día que nací yo (1991) eta El maestro de esgrima (1992). Azkenak Donostia Zinemaldia inaugurau eban, hiru Goya sari irabazi zituan eta 1993ko Oscar sarietarako hautagai izan zan. Bere ondorengo pelikulak be nazinoarteko zinema-jaialdietan aurkeztu eta sari asko jaso zituen: Morirás en Chafarinas (1994), Más allá del jardín (1996) -hiru Goya emon eutsiezan- eta Tiempo de tormenta (2003) filmak -Málagako zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia eta gidoi onenaren saria eskuratu zituan.
Ibilbide luzean, Oleak publizidadean be lan egin dau eta dokumental batzuk egin ditu, berbarako, Gernika (1982), Bihotzez (1983) eta Athletic, un siglo de pasión (1998). Telebistarako fikzinoaren arloan, La huella del crimen telesaileko atal bat filmau eban, El caso de las envenenadas de Valencia (1985), eta La leyenda del cura de Bargota (1986) TVErako film luzea. Arlo horretan egin dauen azken lana La conspiración izan da (2012), TVEk eta ETBk produzidutako TVmoviea.
Era berean, antzerki-zuzendari lanak be egin ditu, Antonio Galaren Inés desabrochada (2003) lanean -zuzendaritza eszeniko onenaren Oihala Saria jaso eban- eta Rafael Azconaren El pisito (2009) izenekoan -urteko zuzendaritza eszeniko onenaren Rojas saria-.
Oleak bere ibilbidean jaso dituan sari eta omenaldi ugarien artean, ondokoak nabarmentzen dira: Kairoko zinema-jaialdikoa, Elia Kazanegaz batera; Nanteseko Espainiako Zinemaren Jaialdikoa; Valladolideko SEMINCIkoa; Bilboko Arte Ederren Museoko Filmategiarena; Sitges; Ourense eta Astorgako zinema-jaialdietakoa eta Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak eskaini eutson omenezko zikloa.
Bizkaie!