Bilboko Udaltegiek Expodistrito barruko erakusketa ibiltariak jasoko ditue irailean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 29a, 00:00

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, datorren astelehenean, irailaren 1ean, emongo deutso hasierea urteko azken hiruhilekorako egitarauari. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurreratzen diran bilbotarrek bederatzi erakusketa ibiltariz gozau ahal izango dabe urtarrilaren erdialdera arte: bost, pintura erakusketak izango dira, bi argazki erakusketak, beste bat komikian oinarritutakoa eta marketeriari buruzko beste bat.

Urteko azken hileotarako programea datorren astelehenean hasiko da, pintura erakusketa bigaz, argazki erakusketa bategaz, eta marketeria proposamen bategaz, irailaren 1etik 15era, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko eta Abando - Barrainkuako udaltegietan.

Oraingo honetan, egitarauan, Londonen bizi dan Susan Bart artista bilbotarraren marketeria erakusketa bat jasoko da. Beste material batzuk be erabilten dituan arren, bere lanaren ezaugarri eta bere artelanaren elementu nagusia zura da, gaur egun balio barria jasoten dagoan arte eder eta antxinako horren ikuspegi erabat barria emonez.

Naturea, landareak eta eraikinak dira bere artelanean gehien ikusten diran irudikapen grafikoak, eta osogai nagusiak, lerro okerrakaz kurutzatzen diran lerro zuzenak dira, zuraren ezaugarri organikoak indartzen dituen diseinu barritzaileak osotuz. Lanak ikusgai izango dira astelehenetik aurrera, San Frantziskoko Udaltegian, baina gero Abando – Barrainkuako, San Inazioko, Castañoseko eta Errekaldeko udaltegietan be ikusi ahal izango da.

Expodistrito programearen barruan, euskal komikiaren historia be azalduko jaku. Edertasun barren eta apal batez: Euskal binetak (1894-2014) erakusketan, Victoriano Iraolaren lehen tirak, Txistu, Poxpolin… aldizkariak eta, ondorengo Ipurbeltz, Kili-kili, Habeko Mik edo Xabiroi aldizkariak ikus daitekez, gaur egunera arte. Erakusketea zemendiaren 27an inaugurauko da, eta Begoñako Udaltegian egongo da ikusgai abenduaren 13ra arte.

Pintura erakusketei jagokenez, Juan Jose Cuadrado 12 urtegaz hasi zan marrazten, binetak eta tebeoak diseinetan. Olio lanak be egin ondoren, ur pinturearen munduan sartu zan. De San Anton a Arriluze lana Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, irailaren 1etik 15era.

Margolari lez ibilbide luzea dauen Teresa Ahedo euskal artisteak ¡Ni una más! lana aurkeztuko dau astelehenetik aurrera Abando-Barrainkuako udaltegian, eta bigarren hamabostaldian Errekaldera joango da. Bere loreak, bodegoiak eta emakume potoloak dirala eta ezaguna dan margolari espresionistea, emakumeagaz eta haren arazoakaz konprometidutako artistea be bada. Holan, erakusketa honen gaia tratu txarrak dira, eta triste eta minez dagozan emakumeak agiri dira.

Kantabriako Antonio Herrera artisteak, marrazkiz eta oihalez osotutako bildumea aurkeztuko dau Obra reciente erakusketan; bertan, koloreari eta marreari buruz papelean egindako azterlanak pintura adierazpen lanagaz hartu-enonetan dagoz. Lan hori irailaren 17tik aurrera bisitau ahal izango da Otxarkoagako udaltegian.

Isabel Loizagak aurkeztuko dauen La vida en color erakusketea, biziteko dauen gogoaren isla da, argiz betetako lanak, pintzelkada azkarrez, indartsuz eta sentimenduz betetakoez eginak. Erakusketea urriaren 17tik aurrera gozau ahal izango dabe Bilboko ikusleek, Errekaldeko udaltegian.

Diego Cubes Elkorok burmuineko gaixotasun bat dauka aspalditik, eta gaixotasuna jasan eta berehala, marrazkian eta pinturan topau eban babesa, kanpora begirako adierazpen bide legez. Bere artea espresionistea da batez be, beharbada errealidadearen ikuspegi distorsionatuagaz. Forma leunak eta harmoniaz beteak. Kromatismo aberatsa be azpimarragarria da. Lana abenduan ikusi ahal izango da, Abando – Barrainkuako udaltegian.

Argazkigintzea, barriz, Pedro Zarrabeitiaren eta Diego Aldasororen objektiboetatik helduko da urteko azken lauhileko honetan. Lehenengoak Made in Bilbao aurkeztuko dau, BBK Fundazinoagaz lankidetzan. 2000. eta 2005. urteen artean egindako bilduma horrek, XX. mendearen erdialdean, ukitu arrazionalistea eben eraikinek uriaren zabalguneari formea emon eutsienean, Bilbok arkitekturearen ikuspegitik izan eban garapena gogorarazoten dau. Argazkiak zuri-baltzekoak dira, garai hareetako atmosfereagaz eta argazkigintzan erabilten ziran teknikakaz bat etorteko, eraikinen edertasun hotza zeozelako dramatismo eta nostalgia giroan batuz. Beste inon baino lehen, Burtsako udaltegian bisitau ahal izango da irailaren 17tik 30era.

Diego Aldasoro argazkilariaren Cartografía de los recuerdos argazki erakusketeari jagokonez, desagertuz doan landa inguruko munduari egiten jakon omenaldia da, soloak landatzeko tresnen eta dagoeneko inork erabilten ez dituan bideen nostalgiagaz. Erakusketea Castañoseko udaltegian ikusi ahal izango da zemendiaren 4tik aurrera.

Expodistrito programea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.

Osorik irakurri