Jorge Stoilov Villoslada da 2014ko Fun & Serious Game Festival jaialdiaren Gentlepad kartel ofizialaren egilea. Bideo-jokoen jaialdiren laugarren edizinoa zemendiaren 28tik abenduaren 3ra arte izango da Bizkaiko uriburuan, barriro be bideo-jokorik onenak saritzeko, aisialdiaren eta joko serioen arloetan.
Fun & Serious Game Festivaleko antolatzaileek jakinarazo dabenez, lanbidez, telekomunikazinoetako injinerua da jaialdiak laugarren edizinoaren irudia aukeratzeko antolatutako lehiaketearen irabazlea, eta, afizinoz, diseinatzaile grafikoa.
Honen moduko diseinu bat sortzeko, hainbat zirriborro egiten doguz aurretik, eta jaialdiaren izaereagaz hoberen bat etor daitekeena ikusten joaten gara. Bideo-jokoei buruzkoa zanez errazagoa izan da, niri asko gustetan jatazalako, azaldu dau Jorge Stoilov, eta pozarren azaldu da sariagaz. Ezustekoa izan da, izan be, jente asko dago arlo honetan lan egiten, eta sinistezina izan da ni aukeratzea. Horrezaz gan, lehiaketan aurkeztutako beste kartelak ikusi dodaz eta oso maila ona egon da finalisten artean.
Dagoeneko F&S jaialdiaren tradizinoa da urte bakotxaren kartela aukeratzeko lehiaketa baterako deialdia egitea. Antolatzaileek adierazo dabenez, aurten 300 kartel baino gehiago aurkeztu dira. Horregaitik lehiaketearen ekimena arrakastatsu bihurtu dala ziurtatu dabe.