Gaur hasi eta datorren zapatura bitartean, telebistaren jaialdia ospatuko da Gasteizen. Urtero legez, telebista kateek saio barriak eta denporaldi barrirako dituen barritasunak aurkeztuko ditue. Egitarauari erreparauta, profesionalentzako jardunaldiak, proiekzinoak eta umeentzako tailerrak be izango dira tartean.
Gasteizko VI. FesTVal jaialdiak ETB2ko La Noche de… saioa sarituko dau aurten. Saioa bere ibilbide luzean ikus-entzuleakandik hur egon dalako nabarmenduko dabe. Irailaren 6an Gasteizko Principal Antzokian ospatuko dan ekitaldian jasoko dau programako aurkezle Felix Linaresek saria. Jaialdiak telebista munduko personaia nabarmenenen lana sarituko dau zarratze ekitaldian, eta EiTBk, jaialdiaren anfitrioi modura, Karra Elejalde aktoreari emongo deutso aurten EiTB Saria, horren ibilbide profesionala autortzeko.
'La Noche de…' saioak 1.000 programa baino gehiago
Aurten, 1.000 emonaldi bete ditu Felix Linaresek ETB2n aurkezten dauen magazinak, eta ordutegi nagusian denpora gehien emon dauen saioa da Estadu mailan.
Azken 19 urteetan Felix Linaresek ez deutso bere asteroko hitzorduari hutsik egin. Zinemearen munduko daturik harrigarrienak, istoriorik dibertigarrienak eta pasadizo eta bitxikeriak ekarri deuskuz martitzenero eta ikus-entzuleen babesa bereganatu dau, ETB2ko erreferentziazko saio bihurtu da, eta urtero gainditu ditu katearen audientzia datuak.
2014an, La Noche de... saioak, batez beste, % 12,3ko audientzia zatia lortu dau, eta saioak aurkeztu dituan pelikulek % 10,8ko kuotea eta 315.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan dabe.
Karra Elejaldek EITB Trendig Saria jasoko dau
EiTBk EiTB Saria emongo dau FesTVal jaialdiko zarratze ekitaldian, euskal aktoreen eta telebistako profesionalen lana goraipatzen dauen saria. Aurtengo edizinoan, Karra Elejalde arabarrak jasoko dau EITB Saria, eta aktore, zuzendari eta gidoilari moduan izandako ibilbide luzeari omenaldia egingo deutsie. Juanma Bajo Ulloa zuzendariagaz Rey Gitano filma grabetan dago orain.
Antzerkian, zineman eta telebistan lan egindakoa da Karra Elejalde, eta hainbat pelikula ospetsutan hartu dau parte, besteak beste, Terranova, La madre muerta, Vacas, Salto al vacío, Airbag eta También la lluvia filmeetan; azken film horregaz, bigarren mailako aktore onenaren Goya saria jaso eban.
Kontuak kontu, Gasteizko FesTValeko zarratze ekitaldian, EiTB Sariaz gan, Joan Manuel Mainat sariak, Kritikaren sariak eta telebistako gidoi onenaren ALMA saria banatuko ditue. Danetara, hamabi sari izango dira, eta Gasteizko Principal Antzokian Estadu mailako telebista munduko profesional nabarmenenak batu dira.