'800 Dukado', emakumeentzako I. Mendi Maratoia Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarten zehar

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 2a, 00:00

Emakume kirola sustatzeko helburuagaz, Abiatu Kirol Klubak eta 800 Dukado Kirol Klubak antolatuta, 800 Dukado, Munduko I. Mendi Maratoia datorren irailaren 7an jokatuko da Bidasoa-Berroarango mendietan, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarten, Nafarroako pirineotan, hain zuzen be. Aukera dagozan bost modalidadetan (Maratoia, Maratoi erdia, Nordic Walking, Hastapena eta Umeak) izena emoteko epea zabalik dago hemen.

Umezaroan kirol munduak ez dau mutil eta nesken arteko bereizketarik egiten, bardin antzeko kirol eskaintzea izaten dabelako. Heldutasunera heldukeran, barriz, edo hobeto esanda nerabezarotik aurrera, aldaketa handia izaten da. Gizarte egoerak ez deutso emakumeari kirola egiteko erraztasunik emoten. Eskaintzea murritzagoa da eta bai goi mailan eta baita maila herrikoian be gizonezkoek baino laguntza gitxiago ditue. Gauza jakina da gizonezkoek emakumezkoek baino denpora gehiago eskaintzen deutsiela kirolari.

Partaidetzearen ikuspegitik, AEBetan edo Ipar Europan dagoeneko emoten dan parekotasunetik urrun gagoz. Gure inguruko lasterketa herrikoietan, emakumearen partaidetzea %20 ingurukoa da errepidean eta %10 azpitik mendian. Azken 5 urteetan, emakumearen partaidetzea %1 hazi da urtero. Bide horretatik, 30-40 urte pasauko dira parekotasuna lortzeko. Epe hau murriztea da antolatzaileen asmoa.

Testuinguru honetan, 800 Dukado lako ekimen bat beharrezkoa dala uste dabe antolatzaileek, running munduak orokorrean eta emakumezkoenak batez be dauen gorakadeari eusteko, hain zuzen. Emakumezkoak kirola egitearen garrantziaz kontzientziau nahi doguz eta inoiz lasterketarik egin ez dabenei parte hartu deien animau. Maila desbardineko lasterketak antolatu, erronkea motibazino bilakatuz, eta zergaitik ez, behingoz bada be, helmugara heltzen lehenengoa izateko aukerea emotea be. Emakume kirol ekitaldi hau era integratzailean ospatzeko ilusino eta uste osoz egiten dogu. Antolatzen diran lasterketa mixto guztiek etorkizunean emakumezkoaren partaidetza handiagoa izango dabenaren esperantzeagaz. 800 Dukado gizon eta emakume askoren ilusino eta gogoagaz sortu da, lasterketearen arrakastea, Kirol osoaren arrakastea izango dalakoan.

Historian atzera eginez, 800 dukado izan zan Subizarreko Felipek, 1552an, Sunbillako lehen harrizko zubia eregiteko egin eban eskaintzea. Beraz, lasterketa honek Nafarroako historiaren berebiziko interes estrategikoa eban harrizko zubi baten eraikuntzea dakarsku burura, izan be, Nafarroa Gipuzkoagaz eta Frantziagaz lotzen zituan Erret Bidean kokatua egoan, Bidasoa ibaiaren igoerearen ondorioz etenbarik hausturak izaten zituan egurrezko zubiak.

Bidasoa-Berroaran mendien erabilera mankomunatuaren pribilegio erreala eben lau herrien artean pagau zituen harrizko zubia eregiteko lanak. Ondokoak izan ziran Martín de Vicuyña komisarioak zubia eregitea pagetako erabagi zituan kopuruak: Sunbilla: 300 dukado; Narbarte: 200 dukado; Doneztebe: 135 dukado; Elgorriaga: 115 dukado; bisitariek: 50 dukado.

Historia oinarri izanez, 800 Dukadok emakume kirolaren zubi sendoa eregiten dau.

Informazino gehiago hemen.

Osorik irakurri