Benicio del Torok Donostia saria jasoko dau Donostiako 62. Zinemaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 2a, 00:00

Perlak sailari amaierea emongo deutson Escobar: Paradise Lost filmako protagonistea da Benicio del Toro. Andrea di Stefanok idatzi eta zuzendu dau pelikulea eta protagonistak Oscar sari bat irabazi eban Benicio del Toro (Pablo Escobarren rola jokatuko dau), Josh Hutcherson (Hunger Games), Claudia Traisac eta Carlos Bardem izango dira.

Benicio del Torok Donostian pelikulea aurkezten eta bere ibilbide osoaren autormenezko Donostia saria jasoten izango dala baieztau dau honezkero. Josh Hutcherson, Andrea Di Stefano eta Carlos Bardem be Zinemaldian izango dira.

Benicio del Torok kritikarien gorazarrea eta hainbat sari irabazi ditu bere ibilbidean. AEBetako Zinema Akademiak antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria emon eutson, Steven Soderberghen Traffic pelikulan egindako lanagaitik eta Alejandro González Iñárrituren 21 Grams (21 gramo) filman egindako lanagaitik Oscar sarietarako izentau eben. Aurrerago, Soderberghekin barriro lan egin eban, Che Guevarari buruzko Che film biografikoko protagonista legez. Bere interpretazinoagaitik 2008ko Cannesko zinema-jaialdiaren amaierako ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palmorria jaso eban, eta hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria. Benicio Joe Johnstonen The Wolfman filmeko protagonistetako bat izan zan, Emily Blunt eta Anthony Hopkinsegaz batera, eta Oliver Stonen Savages filman Lado personaia nagusiaren rola bete eban. Horrezaz gan, Jimmy P. filman Jimmyren papela izan eban (2013ko Canneseko zinema-jaialdian emon eben filma). Pantailan, azkenekoz, Walt Disney Pictures eta Marvel etxeen zientzia-fikzinozko akzinozko Guardians of the Galaxy pelikulan agertu da, 2014ko abuztuan. Escobar: Paradise Lost filman Pablo Escobarren papela egiten dau; datorren urtean, barriz, Mambrú izango da, Fernando Leónen A Perfect Day filman, eta Sauncho Smilax, Paul Thomas Andersonek zuzendutako Inherent Vice-n. Orain, Denis Villeneuveren Sicario lana filmetan dago.

Del Torok, aurretik, honako film honeetan lan egin dau: Frank Millerren Sin City komikiaren egokitzapenean (Robert Rodriguezek zuzendua); Peter Weirren Fearless-en, George Huangen Swimming with Sharks-en, Abel Ferrararen The Funeral-en, Guy Ritchieren Snatch-en, Sean Pennen The Indian Runner eta The Pledge-n, Christopher McQuarrieren The Way of the Gun-en, William Friedkinen The Hunted-en, Susanne Bierren Things We Lost in the Fire-n (bere protagonistakidea Halle Berry izan zan) eta Terry Gilliamen Fear and Loathing in Las Vegas filman, Gonzo doktorearen rolean.

Bere lehenengo pelikulea John Glenen License to Kill izan zan (Timothy Dalton aktoreak bete eban James Bonden rola), eta ordutik bere antzezpen-lana kritikarien artean txalotua izan da. Steven Soderberghen Traffic pelikuleagaitik antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria irabazteaz gan, Urrezko Globoa, Zinemako Aktoreen Sindikatuaren Saria, BAFTA saria eta Berlingo nazinoarteko zinema-jaialdiko Zilarrezko Hartza irabazi zituan Traffic filmagaitik. Era berean, New Yorkeko Zinema Kritikarien Taldearen, Zinema Kritikarien Alkarte Nazionalaren eta Chicagoko Zinema Kritikarien Alkartearen aitamenak jaso zituan. Bestalde, 21 Grams pelikulan egindako lanagaz 2003ko Veneziako nazinoarteko zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren Ikusleen Saria irabazi eban. Bryan Singerren The Usual Suspects filmeko Fred Fenster personaiaren antzezpenagaitik eta Julian Schnabelen Basquiat filmeko Benny Dalmau personaiaren antzezpenagaitik Independent Spirit sari bana irabazi zituan.

Del Toro Puerto Ricon jaio, eta Pennsylvanian hazi zan. Kaliforniako Unibersidadera joan zan (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan parte hartu eban; horreetako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki-jaialdi batean parte hartu eban. Stella Adler konserbatorioan ikasi eban, Arthur Mendoza tutore ebala.

Osorik irakurri