Josu Waliñok zuzenduko dau puntuEUS proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 3a, 00:00

Behin .eus domeinua onartuta eta ICANN erakundeagaz kontratua sinatuta domeinu-eskariak jaso, kudeatu eta erregistretako prestaketa lanetan dabil puntuEUS fundazinoa. Fase barri hau bultzatu eta proiektua gidatzeko lan-talde barria hasi da beharrean. Josu Waliño Pizarro da puntuEUS egitasmoaren zuzendari barria. Josu Waliño Pizarro (Zumaia, 1972), informatikan lizentziatua, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresearen sortzaile eta Elhuyar Fundazinoko Barrikuntza eta Proiektuen Zuzendari eta zuzendaritzako kidea izan da. Waliñogaz batera Lorea Arakistain Aizpiri komunikazino-arduradunak osotuko dau lantaldea.

Iratxe Esnaola Arribillagak, gaur arte proiektuaren bultzatzaile izan danak, abendua bitartean jarraituko dau proiektuan lanean eta unibersidadeko zereginetara bueltauko da ondoren.


puntuEUSen ibilbidea

.eus domeinua, euskerearen eta euskal kulturearen komunidadearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskerea eta euskal kulturea sustatu eta euskera eta euskal kulturearen komunidadea kohesionetea da. .eus, beraz, tresna bat da, euskerea beste hizkuntzen mailan kokatzen dauena, euskerearen normalizazinoan lagunduko dauena eta euskerearen herriari nazinoarteko autortzea eskaintzen deutsona.

.eus domeinuaren proiektuak 2007an emon zituan lehen pausuak eta 2008an puntuEUS alkartea eratu zan.

2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta danetara 58 alkarte eta erakundek osotzen dabe puntuEUS alkartea. 2012an, alkarteak puntuEUS Fundazinoa sortu eban eta azken hau izan zan ICANNen aurrean 2012ko maiatzean .eus domeinuaren eskaria aurkeztu ebana. Eskari hori ebaluau eta 2013ko bagilaren 14an jakin genduan .eus domeinua onartua izan zala. Eta martxan jarteko beharrezko lanak amaitu ondoren, 2014ko udabarritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.

Hemendik aurrera, puntuEUS proiektuak interneteko domeinu horren ardurea izango dau: domeinuen erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabilteko ezinbestekoak diran baldintzak beteten dirala ziurtatu, beteten baditu, erregistrorako baimenak emon; eta azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dala ziurtatuko dau.


Webgune barria

Irailaren erdialdetik aurrera abiatuko da hurrengo fasea eta hor erakunde, enpresa, alkarte eta partikularrek domeinu-eskaria egiteko aukerea izango dabe. Horretarako, webgune barria jarri da martxan: www.domeinuak.eus

Osorik irakurri