Reyes Prados-Anne Igartiburu: "Sekula ez dala berandu beste hizkuntza bat ikasteko"

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 3a, 13:00

Poziktibity proiektuaren hirugarren bideoa aurkeztu dabe gaur Reyes Prados eta Anne Igartiburu (bideo bidez, ezin izan baita bertan egon) aurkezleek, euskaltegi desbardinetako zenbait ikaslek eta irakaslek, baita Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak Bilboko Bizkaia Aretoan. Poziktibity proiektuaren barruan egingo dan bideo sortaren hirugarrena da eta heldutan hizkuntzak ikastea ze garrantzitsua dan gogorarazoten dau.

Poziktibity proiektuaren aurkezpen ekitaldian azaldu zan lez, bideo horreetan egunero eragiten deuskuezan gaiak jorratuko dira. Lehenengoan, Aritz Adurizek eta Imanol Agirretxek hizkuntzak jakitea eta hizkuntza horreek erabiltea ze inportantea dan gogorarazo euskuen. Bigarrenean, barriz, Aritz Aranburuk eta Hodei Collazok euskeraz disfrutetako eta gozetako eskatu euskuen.

Hirugarren honetan, Reyes Pradosek eta Anne Igartiburuk bestelako mezu bat botaten dabe: sekula ez dala berandu beste hizkuntza bat ikasteko. Heldutan be hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua dala, hain zuzen. izan be, hirugarren bideo hau txikitatik etxean edota eskolan euskerea ikasi ez daben personei dago zuzenduta.

Poziktibity euskerearen erabilerea sustatzea helburu dauen proiektua da. Eusko Jaurlaritzati adierazo dabenez, positiboa eta atsegina dan zeozer iradokitzen dau, baita energia, poztasuna, aktibidadea, euskerea biziteko era bat, bai eta jarrera bat be. Bideoak jarrera barri bat euskereagazko, edegia, jentea erakarten dauena aurkeztu nahi dau. Euskerea dakitenentzako konbita bat da, erabili deien, eta konbidapen bat da ez dakitenentzako be, euskerara hurreratu daitezen.

Horren harira, zenbait datu azpimarratu ditu Eusko Jaurlaritzeak. Euskereak hiru hamarkadetan 300.000 hiztun irabazi ditu, horreetatik 100.000 euskaltegien bitartez. Era berean, urtero 30.000 ikasletik gora ibilten dira euskaltegietan euskerea ikasten edota hobetzen. Igaz, ikasle horreen % 67 emakumezkoak izan ziran.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde dan Patxi Baztarrikak honako hau aitatu dau goizeko aurkezpenean bi protagonistei eskerrak emon ostean: Hizkuntzak behar bezela ikasteko, ezinbestean, erabili egin behar dira. Ezinbestekoa da, erabiltea, berba egitea. Hizkuntza bat bizirik mantentzeko modurik egokiena da, gainera. Ondoren, gehitu dau: Ez dogu inor engainau nahi. Hizkuntzak ikastea ez da kontu erraza. Eta bardin gertatzen da euskereagaz. Baina esfortzuak merezidu dau. Bi hizkuntzetan behar bezela moldatzeak emoten deutsun poza eta harrotasunak asko merezidu dau, nabarmendu dau Baztarrikak.

Amaitzeko, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak konbidapena bota dau: Euskaltegian matrikulauta dagoan ikasle bakotxak lagun bat edo bi euskerea ikastera konbidatzea gustauko litxakigu. Oso erraza da, #poziktibityren Facebookeko orrian sartu behar da eta bertan kate bati hasierea emon, gure lagunak euskaltegian apunta daitezen konbidatuz.

Bestalde, Reyes Pradosek bere esperientziaren barri emon dau: Nik uste dot euskerea benetan ikasi nahi badozu eta zure buruari horixe egitea proponiduten badeutsazu, egunero esfortzu txikia eginez, ikasi egiten dozula. Eta gero berba egiten ausartu behar zara aukerea dozun guztietan. Euskerea ikastea ez da beste hizkuntza bat ikastea baino gatxagoa, hori ikasten ez hasteko erabilten dan atxakia besterik ez da. Atxakia merkea, bideoan dinodan lez, adierazo dau.

Anne Igartiburuk, amaitzeko, bideo bidez honakoa esan dau: Pena handia emoten deust bertan ez egoteak baina lan kontuakaitik Madrilen geratu behar izan dot. Oso eskertuta nago neugaz proiektu honetan kontau izanagaitik eta suberte handia opa deutsat Poziktibityri.

Osorik irakurri