Bilboko Foru Liburutegiak XIX. mendeko emakume idazle iparramerikarren ganeko tailerra antolatu dau irailaren 16tik abenduaren 16ra, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazo dauenez.
Garai haretan Ipar Amerikan egozan hiru kultura nagusietako (indigena, anglosaxoia eta afroamerikarra) literatura-lan esanguratsuenak ezagutarazo irakurri eta aztertuko dira Josune Muñozegaz. Tailerra gaztelaniaz izango da irailaren 16tik abenduaren 16ra bitarteko martitzenetan, 18:00etatik 20:00etara, Foru Liburutegiko 5. pisuko tailer aretoan (Diputazino kalea, 7).
Tailerra dobakoa da eta izena emotea irailaren 1etik 13ra egin behar da, liburutegian bertan, telefonoz (946082487) edo posta elektronikoz (foru_liburutegia@bizkaia.net). Danetara, 20 leku dagoz, eta izena emoten dan ordenean esleituko dira.
Saioak, oro har, teoriko-praktikoak izango dira. Mintegiaren hasieratik, parte-hartzaileak martitzenero alkartuko dira, astean irakurritako lanen iruzkinak egiteko eta alkarri jakinarazoteko bakotxari zer ekarri deutson liburu horreen irakurketeak. Lan-material batzuk banatuko dira tailerraren hasieran.
Hona hemen tailerraren egitaraua:
- Aurkezpena eta mintegiaren geografia, historia eta bibliografiara sarrerea.
- Emakume indiarrak: Pocahontasetik (1607) Louise Erdrichera.
- Emakume europarren eragina. Lehen hartu-emonak.
- Emakumeak Estatu Batuen iraultzan eta sorreran.
- Emakume afroamerikarrak. Esklabotasunaren literaturea.
- Mobimentu abolizionistea: La cabaña del tío Tom.
- Gerra Zibila emakumeen ahotik.
- Emakumezko olerkari handi bat: Emily Dickinson.
- Iparraldeko industrializazinoa eta mobimentu sindikalistea.
- Hegoaldearen berreregitea.
- Mendebaldearen konkistea.
- Aitzindariak.
- XX. mendearen konkista bidean: Bertha Palmer - 1893ko erakusketa kolondarra.
- New Woman: emakumezko literatur eredu barriak.
Josune Muñoz
Josune Muñoz Bilbon jaio zan 1967an. Euskal filologoa da ikasketaz, baina formakuntza feministan eta literatur ikerketan dabil aspalditik. 2004an, Skolastika jarri eban martxan, emakumeek sortu izan daben literaturea eta gaur egun sortzen dagozana batzeko, ikertzeko, lantzeko eta irakasteko espazioa. Dokumentazino gunea eta liburutegia izateaz gan, bilgunea be bada Skolastika. Emakumeak eta literaturea ardatz dituen hainbat ikastaro eskaintzen ditu Josune Muñozek, eta literatur kritikaria da. Sareinak, feminismo literarioak proiektuko kide be bada.