2014ko lehen hiruhilekoan 921 ezkontza izan ziran Euskal Autonomia Erkidegoan, igazko hiruhileko berean baino % 7,6 gehiago (856) eta 2013ko laugarren hiruhilekoan baino % 32,1 gitxiago (1.356), Eustaten datuen arabera. Erakundeak adierazo dauenez, urteko lehen hiruhilekoan, batez be, urtarrilean eta zezeilean, ezkontza gitxi egoten da.
Aurreko urteetan legez, hiruhileko honetakoa da ezkontza zibilen urteko ehuneko handiena. 2014ko lehen hiruhilekoko datua (% 92,7) igazko aldi berekoa baino handixeagoa da (% 90,8). Lurralde historikoei jagokenez, ezkontza zibilen ehuneko handiena Bizkaian izan da (% 93,9) eta txikiena, Araban (% 88,1). Gipuzkoan, ezkontzen % 92,8 izan dira zibilak.
2014ko lehen hiruhilekoan izandako 921 ezkontzetan, danetara, Euskadin bizi diran 895 gizonezko eta 887 emakumezko ezkondu ziran. Senargaietatik 749k (% 83,7) lehen ezkontza eban honakoa, eta barriro ezkondu ziranetatik, 8 alargunak ziran eta 138, dibortziatuak.
Lehenengoz ezkondutako emakumeen ehunekoa gizonezkoena baino handiagoa da (% 85,2), 756 emakume ezkondu zalako lehen aldiz. Barriro ezkondutakoen artean, 5 alargunak ziran, eta dibortziatuak, 126.
Ezkontzak ezkontideen edadearen arabera sailkatu ezkero, 30 urtetik gorako senargaiak % 88,5 eta emaztegaiak % 82,1 izan ziran. Igazko lehen hiruhilekoko datuakaz konparauta, 30 urtetik gorako ezkontideen ehunekoak gora egin dau sexu bietan: igaz 30 urtetik gorako senargaiak % 86,2 izan ziran eta emaztegaiak, % 80,4.
Bestalde, sexu berekoen arteko 19 ezkontza izan ziran Euskal Autonomia Erkidegoan, 2013ko lehen hiruhilekoan baino gitxiago (22). Horreetatik 14 emakumeen artekoak izan ziran eta 5, gizonen artekoak.