Xabier Goienetxe: 'Gizarte osoaren proiektua da Baserri Antzokia'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 8a, 00:00

TOTOAN Txorierriko Euskara Alkarteen Federazinoak orain dala urte bi edo zabaldu eban Derion Baserri Antzokia eregiteko asmoa. Proiektua Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadearen parte-hartzeagaz sustatu dau, eta eskualdeko euskaltzaleen topagunea izatea dau helburu. Lehenengo fasean Baserri Antzokia Fundazinoa sortu eben, eta beharrezko izapideak egin eta babes ekonomikoa lortu ostean, laster hasiko da eraikina egiten, Derion, lehengo seminarioaren atzeko aldean eregiko da, Bizkaiko Teknologia Parkean.

Hasierako baserriak 2.000 metro koadro eukazan, eta 2,4 milioe euroko kostua. Proiektuaren sustatzaileek ez eben hain eraikin handia egiteko asmorik, baina bertan emotekoak ziran zerbitzu guztiak kontuan hartuta, beharrezkotzat jo eben gune zabal bat eregitea. Baina krisi ekonomikoak eragina izan eban eta gauzak goitik behera aldatu behar izan dira. Eraikinari goiko pisua eta etxabea kendu jakoz eta 850 metro koadro ditu orain. Beheko pisua bere horretan itxi da, aurreikusitako ekintza guztiak aurrera eroan ahal izateko. Aurrekontua be erdira etorri da eta 1,1 miloe eurokoa da orain. Hona hemen Xabier Goienetxek emon deuskuzan azalpenak:


1.- Benetako kalbarioa bizi ostean, Txorierriko Baserri Antzokiaren eraikuntza lanak aurten hasiko dira. 2012an proiektuaren barri izan genduanetik hona zer pasau da?

Krisiak bazterrak astindu ditu eta guri be bete-betean atrapau deusku. Hasierako asmoa zan baserriak 2.000 metro koadro inguru izatea eta 2,4 milioe euroko aurrekontua. Azkenean, gastuak murriztu eta eraikinari goiko pisua eta etxabea kendu jakoz eta 850 metro koadro izango ditu. Aurrekontua orain erdira etorri da, 1'1 miloe eurokoa da. Edozelan be, argi itxi gura dot aurreikusitako ekintza eta zerbitzu guztiak eskainiko doguzala.


2.- Zelan etorri da konponbidea?

Proiektuagaz aurrera egiten ahalegindu ginan baina ezinezkoa izan zan. Egoera horretan, Mankomunidadeak beste etxe bat, beste lurzati bat proponidu euskun baina ikusi genduan, hasieran aurreikusitako lekuan egitea posible zala, azalerea eta aurrekontua murriztuta.

Proiektuaren, eraikinaren eta negozio ereduaren tasazioa egin ostean, Elkargi Elkarrekiko Garantia Alkarteak abala ipini dau eta banketxea mailegua emoteko prest agertu da.


3.- Zeintzuk dira Txorierriko Baserri Antzokiaren eragileak?

Gizarte oso baten proiektua da hau, eskualde osoa inplikau da eta proiektuaren sustatzaileak Totoan, Txorierriko Euskera Taldeen Federazinoa eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadea diran arren, enpresak eta partikularrak be badagoz proiektuari babes osoa eskaini deutsienak. Baserri Antzokia eregiteko lurzatia Udalak laga deutso Baserri Antzokia Fundazinoari eta guretzako oso garrantzitsua izan da hori baina esan deutsudan lez, inguruko enpresa eta partikularrek emon deuskuen babesa be nabarmendu gura neuke.


4.- Proiektua martxan jarriko dauen fundazinoa irabazi asmorik bakoa da eta adierazo izan dozue irabaziak kulturan inbertiduko dirala...

Bai, holan da. Maila personalean inork ez dauka kontu honegaz aberasteko asmorik. Bakotxak bere bizitza eta lana antolatuta dauka eta guk hasiera-hasieratik dogun amesa euskerea eta euskal kulturea sustatzea da. Herritarrei zein inguruko enpresei zerbitzua emotea da gure asmoa, 20 mila biztanle inguru izango gara Txorierrin baina enpresa sare indartsua dago, 2.000tik gora, hain zuzen be.


5.- Baserria eta ez antzokia. Hor dago barrikuntza nagusia, Euskal Herriko lehenengo baserri antzokia izango da. Zergaitik baserria?

Euskerea sustatzeko arnasguneak beharrezkoak zirala eta Bizkaian zehar, uriguneetan aspaldi sortu ziran antzokiak baino zeozer gehiago behar genduala ikusirik, euskal kulturan modu osoagoan eragin geinkela otu jakun eta eskualde mailan beste beharrizan batzuk, beste interes batzuk geunkazanez, baserri bat irudikatu genduan, ingurune bat; holan, gure lurzatiak 5.400 metro koadro ditu eta hor pabilioi moduko antzoki edo dana dalakoan emon daitekezan zerbitzuez gan, kanpokoak be eskaini ahal izango doguz, berbarako, herri kirolak, jantza ikuskizunak, bazkari herrikoiak eta abar.


6.- Zeintzuk izango dira Baserri Antzokiaren guneak?

Alde batetik, taberna bat egongo da; gero pista eta eszenatoki bat be izango dira; jantoki bi be aurreikusi doguz, bata menuak eta emoteko eta bestean lau txoko izango dira. Aparkalekua eta ohiko azpiegiturez gan, kanpoaldea be izango dau, kirol ekitaldiak zein bestelakoak antolatzeko.


7.- Euskaltzaleen topagune izatea eta euskerea eta euskal kulturea sustatzea dira helburu nagusiak baina enpresei be zerbitzuak eskaintzea aurreikusi dozue. Zelako zerbitzuak?

Txokoena aitatu deutsut eta horixe da enpresei eskainiko deutseguna, mahai baten inguruan, euren bilerak egin deiezan, kontratuak zarratu edo bestelakoetarako. Hartu-emonetarako leku egokia eskaini gura deutsegu, bezeroakaz eta eroso egon daitezan. Horrezaz gan, eszenatoki nagusia be eskainiko deutsegu aurkezpenak zein prentsaurrekoak egiteko.

Beste alde batetik, oraindino zehaztu barik dagoan arren, enpresei kultur zerbitzuak eskaintzeko aukerea ez dogu baztertzen.


8.- Bazkide kanpainea be abiarazo dozue eta oso oker ez bagagoz bost bazkide mueta egon daitekez...

Bai. Guretzat oso garrantzitsuak dira bazkideak eta ahalik eta gehien erakarri gura geunkez. Batetik, bazkide partikularra dogu; 40 euroko ekarpena egiten dauen partikular horrek abantaila fiskalaedo lehentasun batzuk izango ditu Baserri Antzokiko azpiegiturak erabilteko eta beherapenak be izango ditu ekitaldietan zein zerbitzuetan. Ganerakoak, Komertzio Laguna, Enpresa Laguna, Alkarte Laguna eta Bazkide Handia dira..


9.- Euskerearen eta euskal kulturearen arloan, mobimentu handia dago Txorierrin, Arrekikili, Altzora, Zorrizketan, Lagatzu eta Tximintx euskera alkarteak, Aikor, Txorierriko aldizkaria...

Bai. Eta aitatu dozuzan horreez gan, enpresei begira dogun Lan txorierri proiektua eta urtero 120 bat lagun mobilizetan dituan Berbalagun be nabarmenduko neukez. Mobimentu handia, giro polita dago eta ezin genduan Baserri Antzokiaren proiektua bazterrean itxi.


10.- Gitxi gorabehera noiz zabalduko ditu ateak Baserri Antzokiak?

Epeak ondo zehaztuta dagoz eta okerrik ezean, lanak abenduan hasiko dira eta amaitu 10, 11 hilebetetan amaitzea espero dogu; beraz, 2015eko zemendian, abenduan edo zabaldu beharko geunkez ateak.

Ilusino handiagaz, jo ta su gabilz beharrean, gizarte osoarena dan proiektuan, danon parte-hartzea egokia eta beharrezkoa da. Kolorerik bako proiektua da, kolore edo jarrera bakarra euskerea eta euskal mundua sustatzea da edonor, edozelan datorrela, ondo etorria izango da.

Osorik irakurri