Atzo amaitu zan Getxoko 30. Nazinoarteko Folk Jaialdiak lau egunez hamaika kontzertu, desfileak eta zenbait jarduera solidario hartu ditu. Danetara, 27.000 lagun batu aurtengo ekitaldian.
Ohi danez, saio nagusiak Areetako Geltokia plazako karpan izan dira. Aurten, bertan jardun dira Osibisa, Chambao eta Capercaillie taldea, Sustraiak proiektua ahaztu barik. Azken horrek Ara Malikian biolin-jotzailea bultzatu dau eta Fernando Egozcue eta José Luis Montón gitarra-jotzaileakaz eta Oreka TX eta Kalakan taldeakaz ibili da alkarlanean. Publikoaren aldetik emoitza ezin hobea izan dau saio nagusien eskaintzeak eta egueneko eta barikuko saioetarako (Sustraiak eta Chambao) sarrerak agortu egin ziran.
Egitarau anitza izan da agertoki nagusiaren ondoko aparkalekuko agertokian ere. Aurten Gaztela eta Leongo musikak izan dira protagonista La Bazanca eta Hexacorde taldeen eskutik, azken hori Vanesa Muela abeslariarekin aritu zela. Horrezaz gain, Garikoitz Mendizabal txistularia aritu da arratsaldeko kontzertuetan eta Fernando Valsegak eta Exilio New Tango taldeak "Sur, la luna al revés" tango ikuskizuna aurkeztu zituzten.
Munduko Terrazako kontzertuei dagokienez, La Niña del Cabo abeslariaren flamenko jop izeneko doinuez eta Mallorcako BOC taldearen (Ermuako Folkez Blai jaialdiaren talde lehiaketako irabazlea fusio erritmoez gozatzeko aukera izan zuten zaleek ostiralean eta larunbatean.
Musika eskaintza borobildu dute Ene Kantak taldearen "Liburu magikoa" haurrentzako ikuskizunak eta kale-banden desfileek. Aurten, honako talde hauek parte hartu dute azken horietan: Brincadeira (Katalunia), Ringwood Pipe Band (Britainia Handia), La Reina del Truébano (Asturias), Os Galaicos (Eibarko Galiziako Etxeko banda) eta Agurra Dantza Taldea. Desfileetan milaka lagun bildu dira eta aipatzekoa da larunbatean Bizkaia Zubitik abiatu zena.
Bestelakoak
Ohi denez, kontzertuak ez ezik, Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekin gozatzeko aukera izan du publikoak. Horrela, Gune Solidarioan, GKEek zein beste elkarte batzuek beren lana eta proiektuak eman dira ezagutzera. Bertan ere Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta egon da. Hainbat herritako eskulanak gerturatu dituen Munduko Eskulangintza azoka ere ez da falta Getxon. Azkenik, Munduko Terrazan, jatorri anitzeko jakiak dastatzeko aukera izan da, besteak beste, Filipinakoak, Boliviakoak, Senegalekoak, Argentinakoak, Marokokoak eta Mexikokoak.