'Indarkeria isila' erakusketea Artiumen, irailaren 12tik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 8a, 00:00

Artium museoak eta Belgradeko Arte Garaikideko museoak alkarregaz sortutako erakusketea da Indarkeria isila. Egunero, etxean eta lanean, egunez egun, egiten eta adierazoten dan indarkeria mueta hori aztertu dabe proiektu honetan. Zoran Eric, Blanca de la Torre eta Seamus Kealy dira komisarioak.

Eguneroko indarkeria isila edonon eta edonoz topau daikete; administrazinoaren eta burokraziaren indarkeria, publizidade eta komunikabideetako ikusizko indarkeria, berbarako. Indarkeria mueta honeek azterketea egiteko, lurralde, abertzaletasun, mitologia eta nortasunagaz lotutako gaien inguruan gogoeta egiten daben artisten lanak alderatu dira, azaltzen dabe erakusketako arduradunek.

Komisarioek ez dabe gura izan gerreari, genozidioari eta muturreko indarkeriari protagonismo larregi emotea. Artista konbidauek batez be baldintza sozioekonomikoen aldaketek hizkuntzan eta irudikapenean eragina jorratu dabe. Dana dala, erakusketeak terrorismoa, gerrea eta genozidioa baditu kontutan.

Europako bazter guztietan, bai Europar Batasuna osotzen daben herrialdeetan, bai sartzekotan dagozenetan, jazoten dabilzan indarkeria isilen inguruko agiriko eztabaida bultzatzea dau helburu egitasmoak. Proiektu honek Europan sektore publiko komun bat eregiteko beharra azpimarratzen dau, Europako herritar izateko oinarrizko erespideak berrikustekoa, dinoe.

Indarkeria isila erakusketak ondoko artistek hartu dabe parte: Kader Attia, Itziar Barrio, Ursula Biemann, Rossella Biscotti-Kevin van Braak, Sarah Browne, Declan Clarke, István Csákány, Willie Doherty, Harun Farocki, Daniel García Andújar, Dejan Kaludjerovic, Vladimir Miladinovic, Locky Morris, Adrian Paci, Christodoulos Panayiotou, Garrett Phelan, Nikola Radic Lucati, María Ruido, Francesc Ruiz, Jonas Staal, Nedko Solakov, Zoran Todorovic eta Milica Tomic. Horrezaz gan, artiston ikus-entzunezko lanak proiektauko ditue: Iratxe Jaio, Francisco Ruiz de Infante, Pepo Salazar, João Salaviza, Ferhat Özgür, Jesse Jones eta Pavel Braila.

2015eko urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik erakusketea, Artiumeko Iparra aretoan.

Osorik irakurri