Kultur Leioa aretoan hasiko dau ibilbidea Bosteko erakusketeak, eta ostean, Basauri, Zornotza, Arrigoriaga eta Getxora joango da. Ana Lopez Asensio izan da erakusketearen komisarioa eta koordinatzailea. Hilaren 28ra arte egongo da ikusgai Leioan.
Euskal artista plastiko garaikideen lana ezagutzeko aukera ederra da urtero-urtero Bosteko ekimena. Aurten, hamazazpigarren edizinoa da. Ikusle guztientzako proposamen didaktiko eta ulerterraza izateko asmoa dauka erakusketeak. Artista bakotxaren artelan esanguratsuak batu ditue Bostekon. Euskal artista garaikideen lana bultzatzea dau helburu ekimenak, Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak aurkezpenean nabarmendu dauenez. Urteotan 50 artistak hartu dabe parte Bostekon.
Gaur egun bizi dogun moduko egoera gatxetan eskertzekoa da horrelako egitasmoak mantentzea. Hirurok dakigu ze muga daukiezan kultur etxeek, ez dala erraza, adierazo dau Kepa Garrazak. Arte garaikidea gauza itxia barik, gizartetik hur egon behar dauela uste dau, horretarako Bosteko ekimena modukoak sano interesgarriak dirala esan dau.
Kepa Garraza (Berango, 1979) artisteak bere izen berak daukan erakusketea dauka ikusgai Bostekon. Fikzinozko autobiografia bat azaltzen dabe bere margoek. Kultura munduko personaia ezagunen ondoan agiri da Garraza, Andy Warhol edo Claudia Schifferren ondoan. Artearen munduan dagoan, baina arte mundukoa ez dan, ekimen sozial eta komerzialen ganeko gogoetea egin nahi izan dot, azaldu dau egileak.
Iranzu Antonaren (Iruñea, 1979) Paisaia egin proiektua hain zuzen be paisajearen inguruko hausnarketea da. 2013ko lanak dira danak. Paisajean bertan egindako ekintzek osotzen dabe nire erakusketea. Paisajearen eregitea aztertu dot, adierazo dau.
Alberto Alborrek (Burgos, 1977) Irudi bildumagilea erakusketeak hainbat bodegoi ditu. Makina bat objektu agiri dira koadro bakotxean, euren bitartez gauza horreen jaubeen historia ezagutu geinke, dino. Egitasmo honetan dabil beharrean gaur egun Albor.
Basaurin, Arizko Torretxean izango da ikusgai erakusketea, irailaren 29tik urriaren 16ra; Zornotzako Zelaieta zentroan, urriaren 20tik zemendiaren 7ra; Arrigorriagako erakusketa-aretoan, zemendiaren 11tik abenduaren 4ra; eta, Getxoko Torrene aretoan, abenduaren 9tik 28ra bitartean.