Euskadi suena... en Madrid izeneko egitasmo barriari esker, Euskal Herrian egiten dan musikearen sei ordezkarik Madrileko aretoetan joko dabe. Emankor Sareak eta Etxepare Euskal Institutuak alkarregaz sortutako proiektu honen helburu nagusia da, bertoko taldeen eskeintzea Espainiako uriburura modu antolatuan eroatea eta hango zirkuituan sartzeko laguntzinoa emotea. La Noche en Vivo sareko aretoetan izango dira sei kontzertuak, urriaren 16an hasita.
Etxepareko zuzendari Aizpea Goenagak azaldu dauenez, musika sustatzaileek orain dala hiru urte esan euskuen Madrilen euskal musikea zabaltzeko egitasmo indartsua behar zala, azken finean, Madril merkadu handia da. Holan, hiru urteko lanaren ostean, martxan da Euskadi suena... en Madrid. Goenagaren ustez, musika munduan sortutako behar bati erantzungo deutsagu. Euskal Herriko musikarientzat, Madril betidanik izan da helburu bat, askok kontzertuak emoten ditue han. Baina, Goenagak azpimarratu dauenez, egitasmo barri honek modu antolatuan eroango dau hara bertoko sorkuntza musikala. Madril plaza inportantea da, dino.
Euskadi suena... en Madrid proiektuan parte hartzeko, musikari eta talde ugarik emon eben izena. Horregaitik, antolatzaileen esanetan, poztutekoa da horrenbesteko interesa sortu izana, baina penaz geratu dira, asko egitarautik kanpo itxi behar izan dituelako. Lehenengo kontzertua, urriaren 16an, Oreka TX-k emongo dau eta, biharamunean, 17an, Willis Drummond-en txandea izango da. Urriaren 31n, Jainko Txiki eta Jostalari Hura taldeko kideen emonaldia izango da, hau da, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde. Zemendiaren 14an, kontzertu bi antolatu ditue, areto banatan: Travellin Brothers eta Tania de Sousa. Amaitzeko, Ainara LeGardonek joko dau zemendiaren 20an. Emonaldi guztiak La Noche en Vivo sareko aretoetan izango dira eta, beraz, entzule finkoak eta programazino sendoa daukiezan guneetara jo dabe. Ahal bada, Euskal Herriko taldeen alboan Madrileko batzuk ipini nahi leukiez, leku bietako musikea batzeko. Egitaraua beteteko, euskal musikearen historiaren ganeko erakusketea egongo da eta sorpresak iragarri ditue antolatzaileek, egitaraua ez dagoalako zarratuta.
Gure musikariei laguntzinoa emon nahi deutsegu, geure mugetatik kanpo eroan nahi doguz, adierazo dau Amets Rodriguez Emankor sareko kideak. Gure artistek egiten dabena erakutsi bakarrik ez, kontestu baten, programazino baten barruan sartu dogu, ganeratu dau. Euskadi suena-k dakarzan nobedadeak euren webgunean (euskadisuena.com) eta Facebooken zabaldu daben orrian argitaratuko ditue. Zoa izeneko personaia sortu dabe eta bera izango da barriemoile berezia, Rodriguezen arauera. Etxepareko Aizpea Goenagak dino, Bartzelonan egiten dan Euskadi Sona ekimenaren bidetik ekin deutsiela Madrileko esperientziari, ahiztak dira proiektu biak. Aurten lehenengo edizinoa dan arren, datozan urteetan jarraitzeko asmoa dagoala ziurtau dau Goenagak. Holako proiektuak euskal musikea bultzatzeko ezinbestekoak dirala uste dau eta, horregaitik, Goenagak aurreratu dau, Frantzian antzeko zeozer egiteko lanean hasi dirala dagoeneko.