Gaur, irailak 11, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatuko dabe Euskaltzaindiaren egoitzea hartzen dauen higiezinaren erabilerea lagateko. Sinatze-ekitaldia Foru Jauregiko harrera aretoan. Ekitaldian, José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiagaz eta Andrés Urrutia euskaltzainburuagaz batera, Aldundiko Gobernu Kontseiluko kideak eta Akademiako Zuzendaritzako kideak eta lurralde ordezkariak izango dira.
Egoitzea 1991n inaugurau zan
Euskaltzaindiaren egoitzea Bilboko Plaza Barrian dago. 1991ko apirilaren 26an egindako ekitaldian, Jean Haritschelhar orduko euskaltzainburuak gogora ekarri ebanez, 1985eko garagarrilaren 10ean, Makua jaunak Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta Aita Villasantek Euskaltzaindiaren izenean sinatu eben hitzarmena modu ofizialean Euskaltzaindiari eskainiz etxe hau egoitza legez. Haritschelarregaz batera, Jose Alberto Pradera ahaldun nagusia zanak, Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak eta Eduardo de Felipe eta Anton Agirregoitia arkitektoek egin eben berba. Dokumentu guztiak ikusteko, sakatu hemen.
Sei hilebete geroago, urriaren 21ean, egoitzearen inaugurazino ofiziala egin zan. Orduan ondokoek egin eben berba: Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Josu Ortuondo Bilboko alkateak, Tomas Uribeetxebarria Bizkaiko Kultura diputaduak, Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Orduko ekitaldiaren barri izateko, sakatu hemen.
Ondorengo egunetan Nazinoarteko Dialektologia Biltzarra egin eban Akademiak Bilboko Plaza Barrian.