Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalek Etxepare Institutua hareekaz alkarlanean jarduteko konbidau dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 11a, 00:00

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzearen lankidetzeagaz, Etxepare Euskal Institutua Europar Batasuneko Kultura Institutu Nazionalakaz alkarlanean jarduteko konbidau dabe.

Era berean, Gobernuak adierazo dau Europar Batasuneko eta Belgikako kultura erakunde garrantzitsuenakaz, besteak beste, BOZAR erakundeagaz komuniketako eta lanerako bideak sendotzeko aukerea izan dauela Institutuak egunotan.

Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga Bruselan beteten dagoan lan-misinoa euskal kulturea eta sorkuntzearen industriaren eta euskerea hizkuntzearen kanpo-posizionamenduaren estrategiaren barruan sartzen da, aurretik be Europako erakundeakaz eta Belgikako kultura erakundeakaz egindako lan-ibilbideari eutsiz. Aste honetan izandako hartu-emon estrategikoak be europar mailakoak izan dira, euskal kulturearen sektoreari aukera zehatzak zabaltzeko balio izango dabe, dino Eusko Jaurlaritzeak.

Aizpea Goenagak 28 Kultura Institutu Nazionalek (Goethe, Alliance Française edo Camoes) osotzen daben EUNIC europar sarearen Zuzendaritza Batzordean esku hartu dau eguazten goizean; Etxepare Euskal Institutuaren jardunbideen barri emon dau bertan, bai eta kooperazinorako eta alkarlanerako proposamen zehatzak mahaigaineratu be.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azpimarratu dauenaren arabera, apartekoa da EUNIC europar sareak geu esku-hartzera konbidatzea eta Kultura Erakunde Nazionalen aurrean aurkeztera; horrek erakusten dau aspaldi honetan nazinoarteko erakundeakaz sustatu dogun lankidetzearen emoitzak ikusten hasi garela.

Era berean, Etxepare Euskal Institutua Europako Batzordeagaz jesarri da Europar mailako artisten mobikortasunari eta lankidetza kulturalari lotutako aukerak zehazteko eta proponiduteko, kultura sektorearen finantziazino-bideak batzen dituan Europako Creative Europe Programearen barruan.

Beste alde batetik, Aizpea Goenagak Belgikako Arte Ederretako erreferentziazko zentro nazionaleko -BOZAR- arduradunei euskal kulturea bistaratzea helburu daben zenbait lankidetza eta programazino proposamen egin deutsez.

Osorik irakurri