Gaur, irailak 11, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiaren egoitzea hartzen dauen higiezinaren erabilerea lagateko. Sinatze-ekitaldia Foru Jauregiko harrera aretoan izan da. Ekitaldian, José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiagaz eta Andrés Urrutia euskaltzainburuagaz batera, Aldundiko Gobernu Kontseiluko kideak eta Akademiako Zuzendaritzako kideak eta lurralde ordezkariak izan dira.
Andrés Urrutiak adierazo dauenez, datorren urtean beteko dira hogeita hamar urte Jose Maria Makua Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusiak eta Aita Luis Villasante euskaltzainburuak holako eskritura publikoa sinatu ebenetikk. Bertan berbaz berba honakoa esaten zan, 1985. urtean: Bizkaiko Foru Aldundiak Euskereari ardura eta babes gorena emon nahirik, kasu honetan, Erakunde Gidariari egoitza duin eta egokia emonez, Bilbo uriko Plaza Barrian aurretik Aldundiaren Jauregia izandako Etxea Euskaltzaindiaren beharrizanetarako honen eskuetan ixtea erabagi dau.
Berba horreeek laburbatzen dabe gaurko ekitaldiaren esanahia, Euskaltzaindiari luzatzen jakolako bere egoitzearen erabilerea beste hogeita hamar urterako. Eskerrak beraz, Bizkaiko Foru Aldundiari eta konpromisoa, hurrengo hogeita hamar urte horreek emonkor izan daitezen Euskaltzaindiaren lanean eta, azken batez, euskalgintzearen eremuan, euskal gizartea baita akademiaren helburua eta jomugea.
Bestetik, José Luis Bilbaok esan dauenez, sinadura honen bitartez modu sinbolikoan barritzen dogu Bizkaiko Foru Aldundiak euskereagaz daukan konpromisoa, hain zuzen be, euskaldun guztion hizkuntzeagaz.
Euskerea gure Herriaren identidadearen ezaugarrietako bat da, gure kulturea, tradizinoa eta ondarea diran lez. Hori dala-eta, danon artean babestu, landu, zabaldu eta gizarteratu behar dogu gure hizkuntzea.
Era berean, hitzarmen bat sinatzeaz gainera, keinu bat egiten dogu euskerearen alde eta euskerea ikertu, arautu eta zabaldu behar daben gizon eta emakumeen alde. Hori dala-eta, Ander Urrutia, euskaltzainburu jn.ari plaka bat emon deutso Bilbao jn.ak.
Egoitzea 1991n inaugurau zan
Euskaltzaindiaren egoitzea Bilboko Plaza Barrian dago. 1991ko apirilaren 26an egindako ekitaldian, Jean Haritschelhar orduko euskaltzainburuak gogora ekarri ebanez, 1985eko garagarrilaren 10ean, Makua jaunak Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta Aita Villasantek Euskaltzaindiaren izenean sinatu eben hitzarmena modu ofizialean Euskaltzaindiari eskainiz etxe hau egoitza legez. Haritschelarregaz batera, Jose Alberto Pradera ahaldun nagusia zanak, Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak eta Eduardo de Felipe eta Anton Agirregoitia arkitektoek egin eben berba. Dokumentu guztiak ikusteko, sakatu hemen.
Sei hilebete geroago, urriaren 21ean, egoitzearen inaugurazino ofiziala egin zan. Orduan ondokoek egin eben berba: Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Josu Ortuondo Bilboko alkateak, Tomas Uribeetxebarria Bizkaiko Kultura diputaduak, Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Orduko ekitaldiaren barri izateko, sakatu hemen.
Ondorengo egunetan Nazinoarteko Dialektologia Biltzarra egin eban Akademiak Bilboko Plaza Barrian.