Durangoko Azokako guneetan hainbat diziplinatako programazino oparoa antolatzen da azoka egunetan. Areto Nagusian, Ahotsenean, Kabi@n, Irudienean, Saguganbaran eta Szenatokian aurkezpen-proposamenak egiteko epea zabalduko da lehenengoz, eta online bideratuko dira. Guneez gan, Azoka TBn bideoklip emonaldiak izango dira. Diskoetxeek zein musika taldeek be online egin leikie bideoklipen aurkezpenetarako proposamena.
Durangoko Azokearen webgunean egin behar da eskaria baina salbuespen modura, Ahotseneak bere webgunean be aukerea emongo dau. Proposamena bideratzeko, derrigorrezkoa da webgunean erregistrau eta erabiltzaileari jagokozan datuak betetea. Gero, aurkezpenak atalean bete behar da proposamen fitxea sarean.
Irailaren 15etik urriaren 15era izango da proposamenak aurkezteko epea. Proposamenak ontzat emongo dira guneetako arduradunen baiezkoa jasotakoan. Gunez gune honako honeek dira ezaugarri nagusiak:
- Areto Nagusia, Hitzaren plazea
Euskal kulturaren zabalkunderako gunea da Areto Nagusia, eta batez be zabalkunde lanak aurkeztuko ditue bertan. Horrezaz gan, mahai-inguru, berbaldi eta prentsaurrekoetarako lekua be izango da. Gerediaga Alkartea da gune honen koordinatzailea.
- Ahotsenea, Sortzaileen plazea
Ahotsenea literatura eta musika sortzaileen gunea da. Musikariak eta idazleak zuzenean ikusteko aukerea dago. Bi espazio daukaz, bata bestearen aurrean: besaulkietan, aurkezpen solasaldiak egiten dira. Kazetari edo berbalagun bat alboan, sortzaileek bere lanari buruzko azalpenak emoten ditue. Agertokian, zuzeneko emonaldiak dagoz. Liburu errezitaldiak eta kontzertu laburrak taularatzen dira.
- Kabi@, Digitalaren plazea
Kultura digitalaren plazea izanik, azken hileotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Gai honen inguruko berbaldiak, tailerrak, jokoak edo mahai-inguruak antolatu ditue.
Irudienea, Ikus-entzunezkoaren plazea
Zinemearen gunea. Ikusi eta entzun. Proiekzinoak, aurkezpenak eta produktuak. Euskerazko ikusentzunezko sorkuntzearen barri izateko aukerea: film laburrak, luzeak, dokumentalak, fikzinoa, spotak, sortzaileen aurrez aurreko aurkezpenak... Lan barriak edo gitxi zabaldutakoak lehenetsiko dira. Aurten, Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya (gazteen txapelketea) barriro egingo da, baina parte hartzeko izen-emotea aurrerago zabalduko da. Topagunea da antolatzailea.
- Saguganbara, txiki eta handien plazea
Berbaro alkarteak koordinauta, familia osoari eskainitako espazioa da. Umeentzako sortzen diran produktu, ikuskizun, tailer eta bestelakoen ganbarea da. Ume eta gazteak, nagusien transmisinoaren bitartez, euskal kulturara hurreratu eta alkarregaz gozetako aukerea emoten dauen gunea.
- Szenatokia, arte eszenikoen plazea
Euskerazko antzerkigintzearen eremua da. Euskal antzerkigileei urtean zehar egindako lana plazaratzeko aukerea eskaintzeaz aparte, ikuslegoagaz be hartu-emon zuzenak izateko aukerea emoten deutse. Antolatzaileak EHAZE eta San Agustin Kultur Gunea.
- Azoka TB
Azokan gertatzen dana bertatik bertara eskaintzen dau. Edizino honetan, bideoklipez musika saioa produziduko da eta musikariak alkarrizketatuko dira.
- Plateruena, Kontzertuen plazea
Kafe edo mokaduren bat ahoratuz sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gan, kontzertu handienak be hemen izaten dira, kafe antzokian. Dana dala, programazinoa zarratuta dago.