Oporretako parentesiaren ondoren, Eztabaidak Literatureagaz martitzenean, hilaren 16an, bueltauko da Bilboko Bidebarrieta Kulturgunera. Oraingo honetan, eztabaidea Santiago Roncagliolo idazle eta kazetari perutarraren eta Juanjo Olasagarre egile nafarraren artean izango da. Idazle biek literaturearen eta agintearen edo boterearen arteko loturearen ganean berba egingo dabe, agintea bere esanahi zabalenean ulertuz.
Ekitaldia Jon Arretxe artista eta idazleak moderauko dau. Konbidatuei zenbait gai planteauko deutsez, argitaletxeek, liburu-dendek edo agenteek, idazlan baten arrakastarako edo porroterako daben gaitasuna; agintarien eta komunikabideen indarra eta egileagaz eta bere lanagaz daben alkarren arteko eragina. Ohikoa danez, topaketea Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrerea librea izango da.
Santiago Roncagliolo (Lima, Peru, 1975) idazle, dramaturgile, gidoilari, itzultzaile eta kazetariak, Mexikon igaro eban umezaroa, familiaren arrazoi politikoakaitik, eta Perura bueltaukeran, Hizkuntzalaritzan eta Literaturan lizentziau zan Peruko Unibersidade Katolikoan. 2000. urtetik Espainian bizi da, eta bertan, literaturan jarduteaz gan, itzulpenak egiten ditu eta telenobelak be idazten ditu. Horrezaz gan, zenbait egunkaritan eta aldizkaritan be aritzen da, El País, Granta eta Quimera izenekoetan, besteak beste. Umorezko eleberriak idatzi ditu, Pudor, Memorias de una dama eta Óscar y las mujeres, eta suspensekoak Tan cerca de la vida eta Abril rojo, besteak beste. Bere azken liburuan, La pena máxima (2014) politika, futbola, bizirauteko burrukea eta heriotzea erritmo ikaragarrian nahasten dira eta atrapetan gaituen thrillerra da. 2006an, Alfaguara Eleberri Saria irabazi eban.
Juanjo Olasagarreri (Arbizu, 1963) jagokonez, Psikologian lizentziatua da, eta irakaslea lanbidez. Ezaguna da poesiaren alorrean egin dauen lan azpimarragarriagaitik, narrazinogintzearen eta antzerkigintzearen alorretan be zenbait lan egin dituan arren. Bere lehenengo poesia liburua 1991n argitaratu eban, Gaupasak (Susa) izenburuagaz. Bere lehen eleberriak, Ezinezko maletak (Susa, 2004), Kritikaren Sari Nazionala irabazi eban.
Eztabaidak Literatureagaz, 2007an Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak martxan jarri eban ekimena da, eta bertan, idazleakana hurreratzea proponiduten da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik zehaztutako gai batean oinarrituta. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
2007ko urtarrilean, Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturearen garapena eta sustapena helburu nagusi dituan kultureari eskainitako gunea da.