Euskerearen zabalkundean gurasoen garrantzia azpimarratu dabe hezkuntzako eta euskaltegietako arduradunek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 16a, 00:00

Iraila asmo barrien sasoia izaten da eta euskaltegian izena emoteko unea be bai. Horregaitik, umeen hezkuntzan eta helduen euskalduntzean jarduten diran eragileetako ordezkariek bat egin dabe, Zatoz euskaltegira aldarriaren inguruan. Batez be gurasoak animau nahi ditue euskerea ikastera edo euren euskerea hobetzera, horrek hizkuntzearen transmisinoan eragingo dauelakoan. Seme-alabak D ereduan sartzea ez dala nahikoa eta gurasoek umeak euskalduntzen jarrera aktiboa euki behar dabela azpimarratu dabe.

Mertxe Mujika AEK-ko ordezkariaren arabera, gizarte elebiduna lortzeko bidean, lau hanka dagoz. Hau da, familia, eskolea, euskaltegiak eta kalea. Mujikaren esanetan, poztutekoa da Zatoz euskaltegira kanpainarako hanka horreetako bi batu izana, hau da, hezkuntzea eta euskaltegiak. Helduen euskalduntzean jarduten diran alkarteek, ikastola eta eskolen alkarteek, HABEk eta Jaurlaritzeak egin dabe bat.

HABEko arduradun Joseba Erkiziak, helduen euskalduntzeak urteotan ekarri dauen aurrerapena nabarmendu dau: Urtero 30.000 ikasletik gora hartzen doguz euskaltegietan eta gure eskeintzea zabala da. Erkiziaren ustez, persona bakotxak bere motibazinoa dauka euskeraz ikasteko eta, beraz, 30.000 ikasleren artean, motibazino asko egongo dira. Horregaitik, eskaintzea persona bakotxari egokitu behar jakola deritxo. Gaur egun, euskaltegietan, era askotako ikastaroak dagoz eta ordutegi zabala daukagu, danen beharretara egokitu nahi dogu. Erkiziak guraso taldeetan jarri dau arretea, gurasoentzako talde bereziek gero eta arrakasta handiagoa daukie, amaitu barri dan ikasturtean 1.724 persona apuntau ziran. Izan be, seme-alabak D ereduan sartzearen ondorioz euskeraz ikasteko aukerea egin daben gurasoen kopuruan gorakada handia nabaritu dabe HABEn.

Arantza Aurrekoetxea Jaurlaritzako hezkuntza sailbuordeak adierazo dau, umeak D ereduan sartuta bakarrik ez dala lortuko euskereak aurrera egitea eta, horregaitik, euskerea etxean be landu nahi daben gurasoen lana txalotu dau. Transmisinoa inportantea da edade guztietan, ume txikienakaz legez, baita gazteakaz be, azaldu dau Aurrekoetxeak, sarritan umeak haziz doazanean hiztegi konplexuagoa behar dabe gurasoek hareen arazoei erantzuteko eta euskaltegietan norbere mailan sakontzea mesedegarria izan leiteke. Euskera aberatsa lantzea merezidu dau, holan gazteei beti euskeraz egin ahal izateko, Aurrekoetxearen esanetan. Eskolan egiten dan lanaren osogarri ei da etxe barrukoa, jarrera positiboen bidez egingo dogu aurrera, lehenengo berbea ez eze, azkanengoa be euskeraz egitea lortu behar dogu.

Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakaria be bat dator sailburuordearen adierazpenekaz. Belaunaldi barriak euskalduntzearen ardurea eskoleari itxi jako esklusiban eta garbi ikusi da hori ez dala nahikoa, esan dau Tellituk. Hizkuntza ohiturak, neurri handi baten etxean entzuten danaren menpe dagozan ezkero, Tellituk uste dau ezinbestekoa dala gurasoek ahalegina egitea euskerearen alde: Gaur egun ia ez dago familia erabat euskaldunik edo erabat erdaldunik, hizkuntza biak alkarregaz bizi dira; nire ustez, ama hizkuntzea ez da jaiotzatik toketan jakun zeozer, norberak aukeratu leike zein ama hizkuntza nahi dauen eta, beraz, edonork hartu leike euskerea ama hizkuntzatzat.

Osorik irakurri