Abiarazote aldia martxan dago, .eus domeinuak eskuratzeko lehentasunezko fasea, hain zuzen be. Zemendiaren 18an amaituko da epea, eta tarte horretan eskatutako domeinuak guztiak abenduaren 3an aktibauko ditue, Euskerearen Nazinoarteko Egunean. Josu Waliño puntuEUSen zuzendariak prozesuaren ganeko zehaztasunak azaldu zituan atzo Bilboko Kafe Antzokian egin eben prentsaurrekoan.
Bertan izan ziran, ganera, lehenengo domeinu izen eskariak egin dituen izaera, jatorri eta neurri desbardinetako ordezkariak. Hasteko, ehu.eus domeinu-izena erregistetako eskaria bideratu eban Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak. Itxaso Compañon Arabar Errrioxako Compañon Arrieta upategiko arduradunak bodegascompanoarrieta.eus domeinu-izena eskatu eban. Ustaritzeko Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuaren izenean, Aines Dufauk eskatu eban ikas.eus. Bera Bera kirol alkartea ordezkatzera Matxalen Ziarsolo kapitaina joan zan, eta eskubaloi arloko arduradun eta jokalari-ohi Tati Garmendia hurreratu zab ekitaldira, berabera.eus eskatzeko. Amaitzeko, zumartian.eus eskatu eban Jose Antonio Gartziak, Zumaiako merkataritza indarbarritzeko plataformearen arduradunak.
Fase hau, batez be, alkarte, enpresa eta erakunde publikoen domeinu- izenei bideratua dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko dau. Ekinaldi honetan domeinu-izenak jagokienei emotea bermatu nahi da, ICANNegaz hitzartutakoe erespidak oinarritzat hartuta.
Abenduaren 3an, Euskeraren Nazinoarteko Egunean, hasiko dira martxan domeinuok, eta hortik aurrera Erregistro Orokorra izenekoa zabalduko da.
Urte amaiera bitartean domeinu-izenen eskaria handia izatea espero dabe, eta 2.000 domeinu aktibetea aurreikusten da. Josu Waliñok domeinuaren erabilgarritasuna azpimarratu eban atzoko agerraldian, lortu behar dogu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, bakarrik, euskerearen inguruko domeinu bat lez: euskal jentarte gizartearen domeinu izan behar dau, euskal kulturearena, eta gure etxe azpian dagoan ile apaindegikoak dauen webgunearena... Hori lortu behar dogu: .eus zabaltzea euskal komunidade osora.
Erregistretako prozedurea
Edonork eskatu leike .eus domeinu-izen bat, .com edo .org lez. Bardin da partikularra edo erakunde/enpresa/alkartea, izan hemengoa edo hangoa izatea.
Domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoan begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu.
.eus domeinu-izenen azken prezioa erregistradoreek ipiniko dabe, eskaintzen dituen zerbitzuen arabera. Prezioak beste zerbitzu batzuk be kontuan izan leikez, berbarako, .eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketea, web espazioa, laguntza eta abar.