Nafarren euskeraz biziteko nahiari erantzuteko ekimena abiarazo dau Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 18a, 00:00

Euskeraz biziteko nahian pausuak emoteko dinamikea abiatu da Nafarroan, eta Hamaika egun izeneko ekimena aurkeztu dabe Kontseiluaren barruan batzen diran erakundeetako ordezkariek Paul Bilbao idazkari nagusiagaz batera egindako agerraldian. Kanpainea abiatzeko egindako bideoa aurkezteagaz batera, apirilaren 25an Anaitasunera joateko deia be luzatu dabe.

Nafarroan modu sistematikoan aplikau dan eta apliketan dan hizkuntza politikeak euskerea eta euskaldunak baztertzeko helburua izan dau. Nafarroako Gobernuak urte luzeotan helburu hori lortzeko estrategia eta modua eraldatzen eta egokitzen joan da. Vascuencearen Legea euskerea itoteko erabili izana, ingelesaren zabalkunde faltsua zein euskalgintzea itoteko hartutako neurri ekonomiko zein desprestigiatze kanpainak onartezinak dira, esan dau Bilbaok.

Nafarroan euskeraz bizi nahi daben eta egunero nahi hori gauzatzen daben herritarrak eta eragileak zoriondu eta bide beretik jarraitzera animau ditu Bilbaok, eta bide horretan euskalgintzea bidelagun izango dala.

Hamaika bizipen bizi ditu euskeraz bizi nahi dauenak. Oraintxe bertan, heldu aroan euskerea ikasteko pasinoa daben milaka lagun dabilz Euskal Herri osoan euskaltegietan izena emoten euskeraz biziteko. Nafarroan, urtero 6.000 lagunetik gora emoten dau pausu hori. Eta '11 egun' izena emon nahi izan deutsagu gaur aurkezten deutsuegun dinamikeari eta hasierea emoten deutson bideoari, gaineratu dau.

Nafarron euskeraz biziteko nahia elikatu eta norabide horretan pausu praktikoak emon deiezan eragingo dabela esan dau Kontseiluko ordezkariak. Gaur, euskerea ikasi nahi daben helduak euskaltegietara joatera animau nahi doguz, bihar euskeraz bizi daitezen eta inguruan dituen euskaldunei euskeraz biziteko aukerea eskaini deiotsen. Euskerea ikasteak bizi esperientzia zoragarriak eskainiko deutsozala eta euskeraz biziteak alor barrietara sartzeko aukerea emongo deutsela argi dogu. Bide hori egin daben eta egiten dabilzan milaka eta milaka lagunen esperientziak horixe erakusten dau, azaldu dau.

Amaitzeko Bilbaok adierazo dauenez, edegi dogun bide honen lehen geltokia da gaurko aurkezpena eta egongo diranen artean geltoki garrantzitsuaren barri be emon nahi dogu. Apirilaren 25ean, Anaitasunean euskeraz bizi nahi dogunok Nafarroan euskeraz biziteko zer norabide eta neurri hartu behar diran aurkeztuko dogu. Data garrantzitsua izango dala aurreratzen deutsuegu.

Osorik irakurri