Azkue Fundazinoak ikasleei zuzenduriko komiki digitalen bigarren lehiaketako sarien banaketa ekitaldia egingo dau zapatu honetan, irailaren 20an, Bilbon, Euskerearen Interpretazino Zentroan. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari Ana de Castrok emongo ditu sariak, foru erakundeko iturriek jakinarazo dabenez.
Sarien banaketa ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da, eta Asier Kidam magoak girotuko dau. Bertaratzen diranek aukerea izango dabe bisita gidatua egiteko Euskerearen Interpretazino Zentroan. Lehiaketea kategoria bitan banatu da, eta bakotxean bi gai izan dira; bada, bi sari banatuko dira kategoriako eta gai bakotxeko.
Komiki digitalen lehiaketearen helburua Euskerearen Etxera bisitan joan -hilean zapatu bakarrean zabaltzen da- eta bertan proponiduten diran tailerra egiten daben ikasleek aurkeztutako lanik onenak saritzea da.
Lehiaketearen bigarren edizinoa 2013ko urtarriletik aurtengo bagilera bitartean egin da, eta eskaini diran 180 tailerretan 160 ikastetxetako ikasleek hartu dabe parte. Danetara 1.440 lan aurkeztu dira, 2.900 ikasle inguruk egindakoak.
Bisitan zehar eskaintzen dan tailer praktikoan euskerea eta teknologia buztartzen dira. Lehiaketea bera 2012tik antolatzen da Euskerearen Etxean, ikasle taldeak zentrora egiten dituen bisiten osogarri.
Saiootan Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergora arteko taldeek hartzen dabe parte, eta proponiduten jaken gaietako bat lantzen dabe: Internetek euskeraz jarduteko emoten dituan aukerak, sare sozialetan jagon beharreko pribatutasun neurriak eta Creative Commons muetako lizentzien eta ezagutzaeren partekatzea sarean.