62. Donostia Zinemaldia martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 19a, 00:00

Karra Elejalde aktoreak eta Edurne Ormazabal kazetariak aurkeztuko dabe Donostia Zinemaldiaren 62. edizinoa inauguretako galea. Ekitaldia Kursaal auditoriumean egingo da irailaren 19an, 21:00etan. Galan, Denzel Washington aktoreak Donostia Saria jasoko dau Antoine Fuqua zuzendariaren eskutik, eta bien artean Zinemaldiari abiatuko dauen The Equalizer pelikulea aurkeztuko dabe, aktorearen eta zuzendariaren kolaborazino barria.

Maribel Verdu, Unax Ugalde, Cayetana Guillén Cuervo, Mireia Gabilondo, Eduard Fernandez eta Imanol Arias aktoreek be hartuko dabe edegiera galan. Benicio del Torok, barriz, hilaren 26an hartuko dau Donostia Saria. Lehenago, 22an, Pedro Oleak Zinemira Saria jasoko dau, Victoria Eugenia antzokian.

Astegoienean, Sail Ofizialaren barruan, Gabe Ibañezen Automanata, Michael Sturmingerren Casanova Variation, Michaël R. Roskamen The drop eta François Ozoneren Une nouvelle amie lanak ikusteko aukerea izango da, besteak beste.

Astelehenean, irailaren 22an, Loreak euskera hutsezko filma aurkeztuko da Sail Ofizialean lehenengoz. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendu dabe lana. Pablo Maloren Lasa eta Zabala beharra be Sail Ofizialean izango da ikusgai, baina lehiaketatik kanpo. Hilaren 25ean izango da lehenengo emonaldia.

Horrezaz aparte, euskal produkzinoko zinemagintzeari zuzendutako Zinemira sailak 6 film jasoko ditu: Ateak zabalduz (Juanmi Gutierrez), Five Days to Dance (Rafa Molés, Pepe Andreu), I am Haiti (Raúl De la Fuente), Lantanda (Gorka Gamarra), Notas en movimiento (Oskar tejedor), Señales de la vida: Nestor Basterretxea (Gentzane Martinez de Osaba, Alexander Garcia de Vicuña).

Zinemira sailaren barruan, ganera, 2014ko Kimuak katalogotik aukeratutako film laburrak be izango dira: Anómalo (Aitor Gutiérrez), Don Miguel (Kote Camacho), Hubert le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz), Sailor’s Grave (Vuk Jevremovic, Carlos Santa, Cecilia Traslaviña, Juan Camilo González, José Belmonte, Isabel Herguera, Wang Liming, Cheng Kemei, Richard Reeves, Koldo Almandoz), A serious comedy (Lander Camarero), Soroa (Asier Altuna) eta Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi).

Osorik irakurri