Las putas del mistol, The Dispositives eta Zuloak taldeetan ibili ostean, bakarkako ibilbideri ekin deutso Tania de Sousa zestoarrak eta Tania Tank izenburukoa da egunotan plazaratu dauen diskoa. Think tank horretatik abiatuta dator izenburua, Tania Tank, Taniaren brain storming edo ideien pilaketea batzeko tankea edota edukiontzia, diskoa, kasu honetan. Taniaren ahotsa, gitarrea eta sokak dira Fermin Muguruzak produzidutako lanaren osogai nagusiak eta punk-rock jarrereari eutsi arren, geienbat pop-rock diskotzat har daiteke, Taniari berari estilo zehatzak baino gehiago melodiak, kantuak interesetan jakozan arren.
Diskoa zuzenean aurkezten hasita dagoz eta zemendiaren erdialdera arte asteburu guztietan izango ditue emonaldiak. Aitagarria ABEetan eta Mexicalin be eskainiko dituela kontzertuak.
1.- Orain arte talde baten babesagaz ibili ostean, bakarkako ibilbideari ekin deutsazu. Zergaitik? Zerk eragin dau aldaketa hori? Bildurrik?
Bai. Bildurra beti. Bakarrik hasten zarenean, aurre egin behar deutsazu proiektu bati eta erantzukizuna zeurea da. Baina nazkatuta nengoan, beti taldeetan ibili izan naz eta gogoa neukan agintzeko edo neureari eusteko, neure kantak egiteko eta gogo edo jarrera horrek eroan nau bakarkako ibilbidera. Baina ez daiala inork pentsau taldeetan ibili nazenean, txarto ibili nazenik, taldeetan demokratikoa izaten da jarrerea eta adostasunez egiten dira gauzak baina dinotsudan lez, gogoa neukan nire barruko sentimentuak ezelako filtro barik atarateko.
2.- Verkami plataformea tarteko, diskoa grabetako beste diru atara dozu. Zelako esperientzia izan da?
Brutala. Ez neban espero holako erantzunik. Hasieran pentsetan neban sano gatxa izango zala ezagutzen ez nabenek eta ezezagun batek, nahiz eta Zuloak-en esperientzia haretatik etorri, dirua jartea nire proiekturako baina ezusteko ederra izan da. Atara kontuak, oraindino diskoa entzun barik, produktua zelakoa izango dan jakin barik emon dau dirua jenteak eta holako konfidantzea izatea zoragarria da, bihotz-bihotzez eskerrak emotea baino ez jat geratzen. Eta ez diruagaitik bakarrik baita feedback polita sortu dalako jenteagaz.
3.- Las putas del mistol, The Dispositives eta Zuloak taldeetan egindako ibilbidean asko ikasiko zenduan. Zer nabarmenduko zeunke?
Gauza asko ikasten dozuz. Gehienbat zuzenekoetan, egoten ikasten dozu. Kontzertu asko emoten dozunean, esperientzia, eskarmentua hartzen dozu, jentearen aurrean egoten ikasi dot, asko falta jat oraindino eta, akaso, galdu be egingo neban orain ze urtebete egon naz eszenatokietatik aparte. Udan birritan kantau dodaz nire kantuak: Donostian, Manu Chaoren aurretik eskainitako kontzertuan eta oraintsu Zestoan, jaioterrian baina ia-ia urtebeteko etenaren ostean, geldiro-geldiro joango gara martxea hartzen.
4.- Baso ilunetik kantuaren bideoklipa orain sei egun argitaratu zenduan eta dagoeneko zazpi milatik gora erreprodukzino daukaz. Ikusmin handia egoan eta jenteari gustau jakola emoten dau. Bideoagaz eta lanagaz, oro har, gustora geratu zara?
Bai. Bideoaren kasuan ez neban horreenbeste entzunaldi espero, ez dago diskoetxe baten kanalean, nire kanalean dago eta hainbestetan entzun izana oso pozgarria da. Bideoa aurrekontu gitxiagaz egindakoa da baina nahikoa estetikoa, freskoa, modernoa eta kantu efektiboa da, pop kantua da, lelo edo errepika ona dauena, danetarik dauka eta jenteari gustetako osogai guztiak dituala esango neuke.
5.- Erritmo itsaskorrak, kitarrak eta sokak be deigarriak dira diskoan. Zelan definiduko zeunke zure musikea? Zeozelan Zuloak taldearen erritmoakaz apurtu eta ibilbide eta jarrera musikal personalari ekin gura izan deutsazu?
Bakotxaren estiloari etiketa bat jartea ez da erraza. Nik bilatzen dodana da kantuak egitea, doinua, melodia on bat topetea eta jokerea, barriz, etiketea jartea da, zehaztea zein dan estiloa baina hortik harago joan gura dot, estiloaren gainetik kantuak dagoz eta horregaitik da hain bariatua nire diskoa, danetarik dago, jantzan egitekoa, baladea... Zuloak taldeagaz konparauta, egia da beste bide batetik joan nazela baina jarrera punk-rockeruari ez deutsat uko egin.
6.- Lemazaina kantua be sano da berezia Mursegoren kolaborazinoagaz baina zure ahotsaren indarra azpimarratuko neuke. Ahotsaren lanketa berezirik egin al dozu?
Ez, ez. Teknika asko falta jat, nahiko neuke ondo abestu baina asko falta jat. Hori bai, ahal dodan ondoen egiten saiatzen naz.
7.- Diskoko kantu guztiak zeuk idatzitakoak dira bat izan ezik, Fermin Mugururaren Talka, hain zuzen be. Zer gai jorratzen dozu diskoan?
Danetara, 12 kantu batu dodaz diskora eta kantuetako berbak neureak dira Fermin Mugururaren Talka kenduta. Gaien aldetik, nire barruko gaiak jorratzen dodaz, maitasun kontuak dira gehienak eta gai nagusi horren inguruan izaten diran beste batzuk, berbarako desamodioa, lotsa, erruaren zama eta abar.
8.- Aitabitxi ona, Fermin Muguruza alboan izatea be asko eskertuko dozu. Muguruzak berak egin dau diskoan produkzino lana...
Duda barik, beti egongo naz zorretan Fermin Muguruzagaz, beragaitik izan ez balitz ez nintzan egongo nagoan lekuan; bera barik be musika arloan ibiliko nintzan seguru baina ez dago jakiterik. Ferminen Zuloak filma eta taldeagaz egin genduzan kontzertu guztiak plataforma ezin hobea izan dira geure burua erakusteko eta ibilbide horrek asko balio izan deusku. Eta, jakina, diskoaren produkzinoa be Ferminek egitea zoragarria izan da. Bakarka zeozer egin gura nebala azaldu neutsonean be berak animau ninduan eta oso pozik nago.
Kontuak kontu, Bonberenean grabau genduan diskoa Karlos Osinaga teknikariagaz eta produkzinoa Fermin Muguruzak egin dau Talka Records zigilupean.
9.- Fermin Bouza, Maitane Alonso eta Ander del Sol taldekideak lehendik be ezagutzea lagungarria izango zan...
Bai. Maitanek Dispositives taldean baxua joten eban eta lagunmina da. Ander del Sol bateria be lagun handia da, tatuaje batzuk egin izan deustaz eta Fermin Bouza gitarristea, Correos taldekoa nire mutil-laguna be bada; lagun taldea gara eta oso gustora gabilz.
10.- Zuzenekoetan ze talde eroango dozu? Tania Tank diskoko kantu guztiak doaz playlistean ala ezustekoak be izango dira, akaso Lady Gagaren bersinoren bat edo beste ze badakigu zale amorratua zarela...
Zuzenekoetan be aitatu hirukotea eta neu agertuko gara taula gainean. Kontzertuotan disko osoa eskainiko dogu eta bai pare bat bersino be kantauko doguz Lady Gagarena bata eta Zuloak taldearena beste bat.
11.- Donostia eta Tolosako aurkezpen kontzertuen ondore, Irun Rock jaialdian kantauko dozu hilaren 27an, BIME jaialdian parte hartuko dozu urriaren 31n; gero zemendiaren 14an Madrilen joko dozu Euskadi Suena egitarauaren barruan. Eta, urrian AEBetara joango zara, eta besteak beste San Frantzisko urian joko dozu. Kontzertu gehiago berbatuta daukazuz?
Bai, kontzertu piloa sortu da. Urrian AEBetan birea egingo dogu eta Mexicalira be bagoaz. Zemendiaren erdialdera arte asteburu guztietan daukaguz kontzertuak. Bat azpimarratzearren, berbarako, datorren zapatuan, Irungo Ficoban Irun Rock jaialdian emongo doguna.