Hemen da I. Sopela Kosta Fest

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 23a, 00:00

Naturearen babesa, surfa eta musikea ardatz hartuta, Sopela Kosta Fest jaialdiaren lehenengo edizinoa irailaren 24tik 28ra bitartean izango da. Jaialdian naturaren babesagaz lotutako hainbat jarduera izango dira:

- Birding, hegaztien behaketea: irailaren 27an eta 28an hegaztien behaketea egin ahal izango da, 08:00etan Wilex Tours alkarteko Pablo Perezen eskutik. Zapatuan kostaldeko hegaztiak ikusi ahal izango dira (Peña Txuri taldeko lokaletik urtenda) eta domekan mendiko hegaztiak (udaletxetik urtenda).

- Hondartzea garbitzeko auzolana: irailaren 27an, 10:00etan auzolan bat antolatu da Arriatera hondartzea eta itsaslabarrak garbitzeko. Peña Txuri taldeko lokalean izango da hitzordua. Hamaiketakoa egongo da parte-hartzaileentzat.

- Apo lasterkaria: irailaren 28an, ekintza berezia antolatu dabe. 19:30ean, udaletxe plazan jarritako karpan bertso-saio bat izango da, Fredi Paia eta Ekaitz Larrazabal Katxogaz. Gaia apo lasterkaria izango da. Izan be, Sopelako Udala espezie hau berreskuratzeko ahaleginetan dabil. Sardina-janaren ostean, Gibelurdinek taldeagaz kalejirea egingo da Barinatxe hondartzaraino. Han, 21:30ean Barinatxe hondartzako izozki-postutik abiatuta, Aranzadi Zientzia Alkarteko lagunek apo lasterkariaren bisita gidatua egingo dabe, apoa gauez urteten baita. Parte-hartzaileek frontala ekarri beharko dabe.

- Birziklatze tailerrak. Jaialdian umeentzako hainbat jarduera izango dira. Irailaren 27an 12:00etan, adibidez, Kometa Festa ospatuko da.

Era berean, jaialdiak surfagaz lotutako jarduera ugari izango ditu:

- Surf Zinemea. Jaialdiaren lehenengo jarduerea izango da, udaletxe plazan egongo dan karpan. 20:30etik aurrera film labur ugari egongo dira ikusgai: Kepa Acero, Natxo Gonzalez, Eneko Moro...

- Surf Plaza. Jaialdiaren bigarren egunean, Surf Plaza ekimena ospatuko da, surfaren inguruko mahai-inguruakaz: Loiola Canales, Pilar Ezkurra, Bea Lamikiz, Ainhoa Aurrekoetxea, Gonzalo Urien, Natxo Gonzalez eta beste hainbat surflarik parte hartuko dabe. Gainera, The Longboards Big Wave Surf Band taldeak kontzertua eskainiko dau, eta amaitzeko hainbat DJ izango dira surfaren historiaren musikea jarten.

- Surf Argazkiak Masterclass. Javi Muñoz eta Juan Fernandez argazkilariek surf argazkiak egiten ikasteko ikastaro trinkoa eskainiko dabe: urpeko argazkiak, erretratuak eta edizino prozedurea. Irailaren 26an, 19:00etan Kurtzio Kultur Etxean.

- Euskal Herriko kluben arteko txapelketea. EHSF alkarteak antolatuta, irailaren 27an, kluben arteko surf txapelketea egongo da: open surf, open body, master, senior, sub 18 body, sub 18 surf, sub 16 surf eta longboard kategorietan.

- Surf ikastaroak debalde. Irailaren 27 eta 28an, sopeloztar eta bisitariek surf ikastaroetaz gozetako aukerea izango dabe. Izen emotea irailaren 17an amaitu zan.

- Surf olak. Irailaren 27an eta 28an, 11:00etatik 14:00ak arte Arriatera hondartzan Surf Olak jarduerea izango da: taulak probetako aukerea, taulen erakusketea, alaia tailerra, taulak, neoprenoak eta kamisetak artistikoki margotzeko tailerra e.a.

- Bigarren eskuko kirol materialen azokea (surfa, parapentea eta eskaladea), irailaren 28an, udaletxe plazan.

Musikeari jagokonez, kontzertuak debalde izango dira udaletxe plazako karpan, eta honako taldeek parte hartuko dabe: Zea Mays, Belako, Amparo Sánchez (Amparanoia), Los Coronas, Smile, Yellow Big Machine, Belako, Hey Mr Heken, Clarisse, Gibelurdinek, The Longboards eta hainbat DJ. Musika eskaintza zabala, publiko eta gustu guztietarako, baina surf-kutsu handiagaz.

Lehenengo kontzertua irailaren 25ean izango da, eguenean, Long boards rock taldearen eskutik. Kontzertua Surf Plaza ekimenaren barruan dator, eta kontzertuaren ostean hainbat DJ izango dira, surfaren historiagaz loturea dauen musikea jarten.

Barikuan eta zapatuan, barriz, kontzertu nagusiak izango dira. Irailaren 26an, Yellog Big Machine, Zea Mays, Hey Mr Heken eta Belakoren txandea izango da. Zapatuan, Los Coronas, Amparo Sanchez (Amparanoia) eta Clarisse. Domekan, azkenik, Gibelurdinek taldea izango dogu, bertso-saio oso berezi baten ostean.

Bestalde, natura, surfa eta musikeagaz lotutako jarduerez gan, jaialdiak beste ekimen batzuk izango ditu: harezko eskulturak, Markeliñe taldearen Zoozoom antzezlana, parapentea, munduko zaporeen erakustaldia, itsas-kanten kantu jirea e.a.

Informazino gehiago eta egitarau osoa hemen.

Osorik irakurri