Gaur goizean, 2014-2015 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu ditue Euskaltzaleen Topaguneak eta Jardun euskaltzaleen alkarteak. Donostian izan da izen-emote kanpainearen aurkezpena, eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Maitane Arizabaleta Bergarako Jardun alkarteko kideak, eta Kristina Kerthoff eta Bego Urzelai Bergarako berbalagunek hartu dabe parte.
Aurtengo izen-emote kanpainak, hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dala erakutsi nahi dau. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan aitatu dauenez, euskeraz hobeto eta gehiago egiteko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, ez da magiarik behar, guk daukagu trukoa: berba egitea. Horretarako, mintzalagun taldeen eraginkortasuna nabarmendu dau Mendizabalek. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago alkartu dira Euskal Herri osoan martxan dagozan egitasmoetan. Izen-emoteak gora egiten dau urterik urte, eta hasteko dagoan ikasturtean 6.000 mintzalagun lortzeko bidean dagoz Mintzapraktika egitasmoak.
Jardun euskaltzaleen alkarteko Maitane Arizabaletak azaldu dauenez, mintzalagunek bi helburu nagusi beteten ditue egitasmoetan: batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dabe, berba egiteko jariotasuna lortu eta lotsea galtzen dabelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskeraz biziten laguntzen deutse, euskerearen aldeko ekarpena eginez. Guztia, astean ordubeteko ahaleginagaz. Izan be, Mintzapraktika egitasmoek euskeraz egiteko ohiturarik ez daben lagunak ohiturea dabenakaz alkartzen ditue, erabileran eragiteko eta berba egiteko konfiantzea eta ingurune barriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osotutako talde txikiak dira, eta astean behin batzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena be hartzen dabe, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora zabaldu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskeraz komuniketako gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.
Bergarako berbalagunek prentsaurrekoan adierazo dabe berbalagun taldean aisialdiaz euskeraz gozetan dabela, eta holan, lagun giro euskalduna osotzen dabela. Egitasmoen azken helburua, berba egiteko aukerea emoteaz gan, kideek beren egunerokoan euskeraz egiteko saltoa emotea da. Aitatu legez, azken urteetan gora egin dau izen-emoteak, eta gorakada horrek lotura zuzena dauka Euskaltzaleen Topaguneak Eusko Jaurlaritzeagaz sinatuta daukan hitzarmenagaz.
Izen-emote kanpainan Asier Kidam magoak hartu dau parte, Getxoko zenbait mintzalagunekaz batera. Danetara, 22 herri eta eskualdek hartu dabe parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora zabaldu nahi da deialdiaren bitartez.
Prentsaurreko amaieran, Asier Kidam magoak magia ikuskizuna egin dau, eta gogoratu dau euskerea biderkatzeko trukoa norberarengan dagoala. Holan, mintzalagun egitasmoan parte hartzeko deia luzatu deutse euskaltzale guztiei, praktikatuz, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen laguntzeko.
Izena-emoteko beharrezko informazinoa, herriko euskera alkartean, euskaltegian, udaletxean edota www.mintzalaguna.org webgunean topau daiteke.