Kukai jantza taldearen 'Gela Jauziak' ikuskizunak zabalduko dau Blv – Art programearen edizino barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 24a, 00:00

Bilbo Zaharra inguruak abangoardiako jarduerez eta adierazpenez beteko dira barriro be Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, inguruko zenbait kultur agentegaz alkarlanean, antolatutako Blv – Art programearen edizino barriagaz. Programea, auzo horreen garapenerako eta barriztapenerako kulturearen aldeko apustua egiten dauen Plan Bereziaren barruan dago.

Egitaraua eguen honetan abiatuko da, Martzaako kaian (21:00etan), Kukai jantza taldearen kaleko azken ikuskizunagaz, Gela Jauziak. Proiektu horrek euskal jantza konpainia eta Cesc Gelabert koreografo ezaguna alkartzen ditu. Bategite horretatik sortu da leku zabaletan ere Jon Mayak zuzendutako Kukai taldeko jantzarien indarrari eta zorroztasunari eusten deutsen lan hau.

Edizino honetako beste emonaldi garrantzitsu batzuk musika kontzertuak izango dira. Arte Berreginen Museoak bi Hip – Hop bandaren emonaldia jasoko dau urriaren 2an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera: Bundapa Sound taldea eta Malputo Dest rap abeslari bartzelonar ezaguna (sarrerea librea). Lehenengoek zenbait elementu musikal batzen ditue euren ikuskizunean: triki baten melodiagaz jantzan egindako breakdancea, MC baten bat-batekotasuna, eskuagaz eta ahoagaz (Beatbox) egindako musikea… Hori guztia, zuzenean bideo DJ baten bitartez pintxautako irudiek lagunduta, eta aniztasuna eta euskal izaerea ardatz hartuta. Kontzertua, Bilboko Udalak eta Bartzelonakoak kultur trukaketak aurrera eroateko sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da.

Programeak beste kontzertu bat be jasoten dau, aire librean eskainitako rock kontzertua, urriaren 4an, Mariaren Bihotzaren plazan, bertako bi talderen eskutik: Educados eta Kilometro 11.

Beste alde batetik, Performart ekimenak jente kopuru aldetik aurreko edizinoetan izan dauen arrakastea ikusita, aurten be programau egin da, hiru performance apurtzaile eskainiz, Nathalie Mba Bikoro, Inazio Escudero eta Álvaro Barriuso eta Ainara LeGardon artista gazte independente eta urratzaileen eskutik. Martzaako kaian ikusi ahal izango da lehenengoa zapatu honetan, eguerdiko 13:30ean, eta Karpinteria de Histerian (Gorte kalea, 29) beste biak, 21:00etan eta 22:00etan, sarrera libreagaz. Arte eszenikoen programazinoa, Imanol Kamio, Aitor Atxega, Ander Lizarralde eta Unai Muñoz antzezleek aurkeztutako Ez gara Palestinaz ari euskerazko lanaren emonaldiagaz osotuko da, bariku honetan, Berreginen Museoan.


Arty Walks

Jarduera nagusien artean, aurreko edizinoan legez, azpimarragarriak dira inguru horren aldeko apustua egin daben sortzaileen ekimenari esker sortuz joan diran galeria barrietara eta uriko artetik hur dagozan guneetara egingo diran bisitak. Arty Walks – Arte Zirkuitoa, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskeraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko zenbait lekutara helduko dira.

Bisitak irailaren 26an eta 27an eta urriaren 3an izango dira; irailaren 26an eta urriaren 3an (barikuak), arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, eta irailaren 27an (zapatua) goizeko 11:30etik 13:30era. Jarduera horretan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurretik izena emotea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Arty Walks ekimenak Berreginen Museoa edo Bilbao Arte lako lekuetara erpango gaitu, baina baita arte galeria txikietara, estudioetara, tailer txikietara eta saltoki barritzaileetara be, eta leku horreetan sustatzaileakaz eta artistakaz berba egiteko aukerea egongo da.

Zinemeak bere lekua izango dau igaz martxan jarritako Dokuart sekzinoagaz. Sekzino horretan edizino honen laburpena eskainiko da, kultur ekimen honetan parte hartzen daben personen eretxien eta dokumentuen bitartez, jardueren irudiakaz batera. Emonaldia urriaren 3an izango da, gaueko 21:00etatik aurrera, Bilbao Arte kanpoaldean, eta amaitzean, Caostica alkarteak antolatutako aire libreko film labur zikloa hasiko da. Ziklo horretan, zinema bizarroaren azken jaialdian ikus-entzuleen aldetik harrera onena izan eben film laburrak eta bideoklipak emongo dira. Saio hori Alex Angulori eskainita egongo da, eta oraintsu hildako antzezlea protagonista dan Martín Roseteren A falta de pan film laburraren emonaldiagaz zabalduko da.


Horma-irudi zirkuitua

Blv-Arten aurtengo edizinoa urriaren 4an zarratuko da, Aryz artista bartzelonarrak sinatuko dauen neurri handiko horma-irudi barriaren aurkezpenagaz. Lan horrek, Urazurrutia kaleko 58 zenbakian dagoan eraikinaren fatxadea hartuko dau, eta aurreko edizinoetako horma-irudiak legez, inguru horretan ikus daitekeen bildumearen parte bilakatuko da. Horma-irudi horreen helburua, bertako biztanleak eta Bilbo Zaharrean bizi ez diran ganerako persona guztiak artearen bitartez erakartea da.

2011n, Bartzelonako Unibersidadean Arte Ederretan lizentziau zan eta 25 urte baino ez dituan Aryz benetako ikonoa da honezkero nazinoarte mailan horma-irudien munduan. Polonian, Finlandian, Alemanian, AEBetan, Italian, Argentinan… Aryzen neurri handiko arteaz gozau ahal izan dabe dagaoeneko.

Blv-Art ekimenaren helburua inguru horren kultur espezializazinoa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko, baina, batez be, auzo horreek erakargarriak izan daitezan uriko biztanle guztien begien aurrean, abangoardiako kultur erdigune bilakatuz, bertan, musikeagaz, arte plastikoakaz, zinemeagaz edo modeagaz lotutako sorkuntza mueta barriak sortzen dagozalako eten barik. Esangura horretan, programeak balioa emon nahi deutso auzoari, eta uriko ganerako lekuakaz dauen komunikazinoa sustatu nahi dau, gune horretan sortutako kultur proposamenak ezagutarazoko dituen zenbait jarduera eskainiz eta bertako kaleen zaharbarritze prozesuan beteten daben lana erakutsiz.

Osorik irakurri