Astelehenean, irailaren 29an, 150 urte beteko dira Miguel de Unamuno idazlea bilbotarra jaio zala. Urteurrena gogoratzeko, Nada menos que todo un hombre nobela laburraren edizino barria argitaratu dau Bizkaiko Foru Liburutegiak. Argitalpeneko berbaurrea, Seve Calleja idazleak egin dau, eusketaraz eta gaztelaniaz.
1916ko garagarrilean kaleratu zan liburua, La Novela Corta izeneko bilduman. Handik urte batzutara, 1920an, Tres novelas ejemplares y un prólogo liburuan jaso zan, El marqués de Lumbría eta Dos madres eleberriekaz batera.
Liburuak Alejandro Gomezen istorioa kontetan dau. Dirua izan arren, historiarik ez dauen indianoa da Alejandro Gomez, bere izatea bere kontu eregi dauen personaia, Pirandelloren gustuak segiduz, Seve Callejaren berbetan. Baina Unamunoren gizonezko idealetik urrun dago. Sentimenduak ukatzen dituan gizaki handinahi eta egozalea da, guztia diruaren bidez lortu daitekeela uste dauena, maitasuna bere bau. Azken hori, ganera, Julia emazteak hain gogoko dituan nobeletako huskeriatzat hartzen dau, ganeratzen dau.
Folletoi-itxurako kontakizun laburra da nobelea. Interesa, desleialtasuna, maitasuna, zoramena edo heriotza dira Unamunok erabilten dituan gaiak, baina ironia eta karikatura erabilita beti be. Istorioa modu tragikoan amaituko da.
Unamunoren bibliografian Nada menos que todo un hombre ez da oso ezaguna. Halanda be, antzerkirako bersinoak egin izan ziran, eta zinemarako bat bere bai, Rafael Gilek 1972an zuzendutakoa, eta Paco Rabal eta Analia Gade aktoreak protagonista dituana.