Judith Argomaniz eta Jaiotz Osak osotutako Lasala taldeak edegiko dau Dantzaldia jaialdiaren 15. edizinoa gaur, Bilboko Rekalde aretoan. Jantza estilo ugaritako piezak eskainiko dira egitarauan, Bilboko hainbat eszenatokitan abenduaren 14ra bitartean, tartean Carolyn Carlsonen Short stories: Li - Mandala - Immersion koreografia.
Alkarlanaren garrantzia nabarmendu dabe Miren Josune Ariztondo Kultura diputaduak eta La Fundicion aretoko arduradun Lucia Etxebarriak. Proiektuek fruitua emoteko denporea behar dabe, Etxebarriaren berbetan, eta hori lortzeak animetan gaitu. Urteotan asko aldatu da jantzearen panoramea. Orain 15 urte, Dantzaldia sortu zanean, jantza garaikidea bultzatu nahi genduan -gogoratu dau- baina badira urte batzuk, hori gainditu, eta beste estilo batzuk sartzen doguzala.
Formatu eta itxura desbardinak erakutsiko ditue aurtengo Dantzaldiko piezek. Hasteko, Lasala talde gipuzkoarrak Hooked lana eskainiko dau Rekalde aretoan, irailaren 25ean, 19:00etan. Beste bost saiok osotuko dabe jaialdia. Asmed Balleto di Sardegnak Aragosta taularatuko dau, La Fundicionen, urriaren 4an eta 5ean. Emakumeen biografiak lantzen ditue. Elsa Schiaparelli diseinatzaile italiarra da lan honetako ptotagonistea, azaldu dau Etxebarriak.
Rocio Molinak, Rosario La Tremendita musikarigaz batera, Afectos aurkeztuko dau, Euskaldunan, zemendiaren 9an. Societat Doctor Alonso & Moare Danza konpainiak proposamen berezia egingo dau zemendiaren 13an: Guggenheim museotik abiatuta, La naturaleza y su temblor bisita gidatua, Bilboko kaleetatik zehar. Daniel Abreuren konpainiak Animal izeneko piezea eszenarauko dau zemendiaren 20an, Alondigan.
Eta urteurrena ospatzeko, Carolyn Carlson koreografo eta jantzariak Short stories: Li - Mandala - Immersion lana taularatuko Euskaldunan abenduaren 14an. Jantza garaikidearen ikono bizia da. Guretzat, urtebetetze opari bat da, adierazo dau La Fundicioneko zuzendariak.
Dantzaldiaren barruan, emonaldiez aparte, tailer bi eskainiko ditue Iratxe Ansa eta Daniel Abreu jantzariek. Ikastarook Dantzabiz-Bizkaio Jantza Etxearen laguntzeagaz emongo dira, bata zemendian eta bestea abenduan.