Zigor Enbeita eta Xabi Igoa dira 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehenengo bi sailkatuak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 29a, 00:00

Arabako bertsogintzea martxan dago. Joandako zapatuan, Kanpezun, jokatu ziran 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehenengo bi aurre-kanporaketak. Bost aurre-kanporaketa izango dira danetara. Bost horreetatik 13 bertsolari sailkatuko dira 2015eko txapelketarako. 2013ko txapelketako finalistak sailkatuta dagoz zuzenean.

Bertsolariek egin beharreko lan kopuruak, zutunik kantatzeak eta parte-hartzaileek 18 urtetik gorako edadea euki behar izateak zorroztu dau mailea.

Lehenengo saioan Olatz Santocildes gai-emoilaren esanetara kantau eben. Zigor Enbeita izan zan saioaren irabazlea, beraz, zuzenean sailkatu da urtarrilean hasiko dan txapelketarako. Bertsolariek lortutako puntuazinoak ondorengoak izan ziran: Zigor Enbeita 201 puntu, Irati Anda 196, Oier Arbina 161,5, Iker Olabarrieta 155 eta Unai Gomez 126. Ainara Balantzategi baja izan zan.

Bigarren aurre-kanporaketan, Veronica Domingok jarri zituan gaiak. Xabi Igoak irabazi eban puntu gehien, beraz, txapelketarako txartela lortu eban. Bertsolariek lortutako puntuak ondokoak izan ziran: Xabi Igoa 194 puntu, Ander Solozabal 188,5, Iker Agirre 186,5, Iñaki Tena 133, Egoitz Iradier 126,5, eta Iñaki Lertxundi 100 puntu.

Zigor Enbeita eta Xabi Igoa zuzenean sailkatu dira txapelketarako baina Kanpezun kantau eben beste bertsolari guztiak zain geratu dira, hurrengo 3 kanporaketetan beste bertsolariek lortzen daben puntuen arabera sailkatuko diran ala ez.

Hurrengo zapatuan, urriak 4, 16:30etik aurrera, Ozaetako Iduia jauregian jokatuko dira 3. eta 4.aurre-kanporaketak.

Txapelketea 2015eko urtarrilean abiatuko da eta finala martiaren 21ean izango da Gasteizko Printzipal Antzokian.

Osorik irakurri